Bidelapurrak: "Ez gara talde konbentzional bat"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko api. 20a, 08:13
Ekaitz Aranberri eta Ander Solozabal, zuzenean, Gasteizko Hell Doradon.

Bergarako Ekaitz Aranberri eta Gasteizko Ander Solozabal dira Bidelapurrak atzean banda oso bat izaten badute ere zuzenekoetan; Gorriak eta bi diskoa aurkezten ari dira –gaur, Gasteizko gaztetxean– baina udan ez dute joko: "Ez gara talde konbentzional bat".

Bergara eta Gasteiz artean dago Bidelapurren bidea. 2013ko irailean, Urretxuko festetan, erabaki zuten-eta Ekaitz Aranberri bergararrak eta Ander Solozabal gasteiztarrak Bidelapurrak taldea izango zena sortuko zutela. "Euskal filologia ikasten ari ginela Gasteizko alde zaharreko nire etxeko salan hasi ginen entseatzen eta hilabete batzuetara gure lehen diskoa atera genuen", gogoratzen du Aranberrik.

Lehen kontzertua Gasteizko Errekaleorren jo zuten –auzo okupatuko lehen zuzenekoa izan zen hura, zinema aretoan– eta hortik aurrera etorri ziren gainerako emanaldiak. Taldearen oinarrian Aranberri eta Solozabal badaude ere, kolaborazioek berebiziko garrantzia izan dute Bidelapurren historian eta istorioetan. "Lehen diskoan ere laguntza handia jaso genuen eta esan daiteke biok bakarrik jotzeko aroa amaitu dela dagoeneko. Agertokian gu geu erosoago eta libreago sentitzeko [hasieran biek instrumentu ezberdinak jotzen zituzten aldi berean] eta beste estilo batzuk jorratu ahal izateko lagunak eta musikariak direnak ditugu agertoki ondoan". Egun, zazpi lagun dira taldean.

Udan geldi eta lokalik ez

Bidelapurrak, Aranberrik zein Solozabalek aitortzen dutenez, ez da talde konbentzional bat. Batetik, zuzeneko gehien ematen den garaian, udan, ez dute sekula jo. "Aurtengo udan ere ez dugu joko. Egia esan, zaila izaten da eguraldi onari eta kontzertu interesgarriei ezetz esatea, baina halakoxeak gara. Udan beste lehentasun batzuk ditugu", dio Solozabalek. Aldagai horri entsegu lokal finkorik ez izatea ere gaineratzen dio Aranberrik: "Batzuetan Bergarako gaztetxean entseatzen dugu, edo Gasteizen, edo beste musika taldeen entsegu lokaletan edo baita etxe partikularretan ere. Nahiko modu inprobisatuan funtzionatzen dugu".

'Gorriak eta bi' diskoa

Aurtengo otsailean kaleratu zuten Gorriak eta bi, taldearen bigarren diskoa. "Lehena baino askoz landuagoa da. Abestiei buelta asko eman dizkiegu eta talde guztiarekin jotzeko pentsatuak daude. Beste osotasun eta indar bat dute kantuek eta estiloa ere aldatu dugu hein baten; lehenean folkak presentzia handiagoa du eta bigarrenean doinu rockerragoak daude", zehaztu du Aranberrik.

Abestien sorkuntza prozesua bera ere aldatu egin dela argitu du Solozabalek: "Orain ez garenez Gasteizen batera bizi, distantziara egiten dugu lan. Baina bai, abestiak landuagoak izan dira azken diskoan". Diskoa zuzenean aurkezteko emanaldiek harrera ona izan dutela diote: "Hankekin instrumenturik jotzen ez dugunetik askeago gaude agertokian eta hori igarri egiten da ikuslearekin feedbacka hobetzeko".

Gasteizko gaztetxean gaur

Bidelapurren zuzenekoaz gozatzeko aukera egongo da gaur bertan Gasteizko gaztetxean (20:30). "Kontzertu berezia izango da. Auzitegi Nazionalaren atarian gazte auziperatu batzuei elkartasuna adierazteko beste gazte batzuek herri harresi bat egin zuten eta horiei isuna ezarri zieten. Isun hori ordaintzera bideratuko da kontzertuan aterako den diru guztia, horietako batzuk lagunak dira-eta", azaldu du musikari gasteiztarrak.

Gaurkoa "azken aurreko tragoa" izango da eta "azken tragoa" Maeztuko Mendialdea Music Festival-en hartuko dute: "Jaialdi ederra izango da, eskarmentu handiko taldeekin partekatuko dugu agertokia". Hortik aurrera zer? "Ikusiko da", diote. Bideak erabakiko du, bidea da-eta borroka bakarra.

Erlazionatuak

Bidelapurrekin solasean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018 api 20 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak