Hezur-muina ematea erabaki ostean, Alemaniako gizon batekin bateragarria zela jakin, eta 2017ko abuztuan gauzatu zen prozesua: "Zalantza barik gomendatuko nuke".
Zergatik erabaki zenuen zure hezurmuina ematea?
Ez dakit zehazki erantzuten. 18 urte bete aurretik telebistan ikusiko nuen, seguruenik, eta gogoa sartu zitzaidan, baina, orduan adingabea nintzenez, ez zen posible izan. Gero, 18 urterekin, ikaskide batek esan zidan emaile egiteko asmoa zuela –haren ama Gurutzetako ospitaleko erizaina da–, eta klaseko lau joan ginen horretarako zer egin behar zen galdetzera. Iaz deitu zidaten lehen aldiz esateko nirekin bateragarria zen pertsona bat egon zitekeela. Proba ezberdinak egin zizkidaten, eta emaitzak gutun bidez bidaliko zizkidatela esan. Gutuna jaso nuen, eta bertan jartzen zuen hasiera batean, behintzat, prozesua eten egingo zela. Hala ere, uztailean izan zela uste dut... deitu zidaten esanez beharrezkoa zela transplantea eta abuztuan gauzatu beharko zela; pazientea oso gaixo zegoela ordurako.
Zein da prozesua, zehatz-mehatz azalduta? Nola gogoratzen duzu?
Bilera batekin hasi zen, prozesu guztia oso ondo azaldu ziguten. Emaile izateak zer esan nahi duen, ze gaixotasunendako den baliagarria, donatzeko dauden modu ezberdinak... Eta horren ostean aurrera jarraitzeko prest egonez gero, dokumentu bat sinatzen da, eta, besteak beste, donazio mota aukeratu beharra dago: linfozitoena, puntzio bidezko odol zelula amena edota odol zelula amena aferesi bidez; aferesi bidezkoa aukeratu nuen. Hortik aurrera, lehen urrats gisa, ohiko odol analisi bat egiten da. Odolaren kodea ateratzen dute hortik, eta euren datu basean sartu. Pazientearen kodea sartzen dute datu basean eta emailerik egokiena bilatzen dute. Hori lehen pausoa da. Bigarren aldiz deitu zidatenean, Gasteizera joan nintzen eta han odol analisi sakonagoa egin zidaten; helburua da bateragarritasuna berrestea eta emailearen osasun egoera aproposena dela jakitea. Behin aldagai horiek ziurtatuta, erradiografiak, ekokardiograma bat eta unean bertan ezin hobeto zaudela ziurtatzeko odolanalisi bat egin zizkidaten. Hortik aurrera, transplantearen aurreko azken hilean, kontuz ibili beharra dago ez gaixotzeko.
Eta egun handia heltzen denean, zer egiten du emaileak?
Nirea odol zelula amen aferesi bidezko donazioa izan zen. Odolbide bat jarri zidaten beso bakoitzean; beso batetik odola makina batera doa zelula amak zentrifuga daitezen eta berriro sartzen da gorputzera zelula ama guztiekin. Horretarako, aurreko lau edo bost egunetan medikamendu bat hartu nuen, guraso hematopoietikoen estimulatzailea deritzona, zelula amak hezur-muinetik odolera pasatzeko. Donazioaren egunerako makinak ahalik eta zelula ama gehien jasotzea da farmako horren egitekoa.
Zenbat denbora iraun zuen, zure kasuan, hezur-muinaren donazioak?
Goizeko zortzietan joan nintzen ospitalera. Prestaketa lanetarako ordubete inguru itxaron ostean, gela baten sartu ninduten bi erizainekin –tarteka, hematologoa ere sartzen zen– eta amarekin batera. Bertan egon nintzen 09:00etatik 13:00etara, gutxi gorabehera, nire odoleko zelula amak ateratzeko zirkuituan. Prozesuan zehar neurketak egin zizkidaten, zelula ama kopurua zein zen eta donazioa egun baten beharrean bi egunetan egin behar zen jakiteko. Nire kasuan, 13:00ak heldu zirenean bazkaltzera joan eta 14:00etan esan zidaten jasotako zelula ama kopurua pazienteak behar zuenaren bikoitza zela.
Zer dakizu zure hezur-muina jaso zuen pazienteaz?
Ez dakit ia ezer. Gai hauetan anonimotasunak berebiziko garrantzia dauka. Dakidan bakarra da hartzailea Alemaniako gizon bat dela eta 90 kilo pisatzen zuela transplantea egin behar ziotenean. Ez dakit leuzemia edo odoleko beste gaixotasun bat zuen eta ez dakit ondo edo gaizki dagoen gaur egun.
Zer dakarkio prozesuak emaileari? Badago arriskurik edo bigarren mailako ondoriorik?
Donazioaren aurreko egunetan hartutako farmakoak gripe baten sintomak eragin ditzake. Nire kasuan, min apur bat –oso eramangarria– eragin zidan hezurretan eta muskuluetan. Goizean eta iluntzean injektatzen nuen farmakoa; gogoan dut kalean nengoenean tabernako komunean injektatzen nintzela, eta ez zuela nire egunerokoa baldintzatu.
Zure esperientzian oinarrituta, gomendatuko zenuke emaile egitea? Hala bada, zergatik?
Zalantza barik gomendatuko nuke. Bizitza bat salbatzeko aukera ematen du emaile egiteak, eta emailearendako ez du ezer suposatzen. Ulertu dezaket donazioaren momentuak erreparoa ematea, baina, azken finean, odola ateratzea bezala da. Lau orduz zaude bertan botata, ezer egiteke, eta ezin hobeto tratatzen zaituzte. Sekulako esperientzia da; zure erabakiarekin igoal ez duzu bizitza bat salbatzea lortzen baina esperantza berri bat zabaltzeko aukera eskaintzeak bakarrik izugarri betetzen du.