Bergarako Udaltzaingoa komunikazioetarako 'Tetra' sistema erabiltzen hasi da

Itziar Larrañaga Sarasola 2018ko mar. 27a, 17:38
Ander Okiñena udaltzainburua eta Elena Lete alkatea walkie-arekin.

Tetra, irrati sistema digital berria erabiltzen hasi da martxoa erdialdetik Bergarako Udaltzaingoa. Orain arteko sistema analogikoa ordezkatu dute horrekin, eta Udaletik jakinarazi dutenez udaltzain guztiek sistema digital hau txertatuta duen walkie-talkieak ibiltzen dituzten orain.

Irrati digital bidezko 'Tetra' sistema

Emergentzia zerbitzuek komunikaziorako erabiltzen duten sistema da Tetra. Modu horretan, Bergarako Udaltzaingoaren eta zerbitzu hauen arteko elkarlana "nabarmen hobetuko" dela uste du udalak. Sistema berri honi esker, "estaldu hobea" eman ahalko dutela azpimarratu dute, herritarrei eskaini beharreko zerbitzuan "modu positiboan" eraginez. 

Sistema honek eskaintzen dituen hobekuntzen artean, hauek azpimarratu dituzte Bergarako Udaletik:

-Larrialdi meteorologiko edo bestelako larrialdi baten aurrean, herrian egon daitezkeen ekintza, ekitaldi eta bestelakoetan, gainontzeko larrialdi zerbitzuekin komunikazio kanal berriak sortzeko aukera ematen du, zerbitzu guztien koordinazioa erosoagoa eta azkarragoa bilakatuz; eta, ondorioz, arazoari erantzun hobea emateko.

-Udaltzainek erabiliko dituzten irratiek GPS sistema dute. Honen bidez, urruneko lekuetan sortu daitezkeen ezbeharretan beste larrialdi zerbitzuei leku konkretua zehaztea errazagoa izango zaie.

Ander Okiñena udaltzainburu berria

2017ko azaroaren 1etik Bergarako Ofizial Ondoko Udaltzainburua da Ander Okiñena andoaindarra. Okiñena 2009. urtean udaltzain agente bezala hasi zen lanean Bergarako Udalean 2015 urtera arte. Sei urte horietan agente moduan aritzeaz gain, lehen agentearen ordezko lanak ere egin zituen. Bi urte kanpoan egon ostean, iazko urte amaieratik da udaltzainburua, barne promoziozko hautaketa prozesua gainditu ondoren.

Postu horri dagozkion funtzio aipagarrienak zehaztu ditu Udalak:

  1. Udaltzaingoaren egitekoen antolaketa eraginkorra bultzatzea herriaren beharrei ahalik eta modu egokienean erantzuteko.
  2. Arrisku publikoen eta larrialdien egoeretarako protokoloak egin, horiek inplementatu eta horiek zabaldu, Udalaren beste zerbitzuekin koordinazio-bideak landuz.
  3. Orokorrean gertutasunezko Udaltzaingo bat sustatu honen funtzio asistentziala indartuz, herritarren eskaerei eraginkortasunez erantzuteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak