Gorla lehenengo aldiz igo aurretik (11:50) egingo dituzte ziklistek kilometro gehiago: "Taldeetako zuzendarien nahia entzunez, Espainiako Kopako edota maila handiagoko lasterketen kilometrajera gerturatu gura izan dugu 140 kilometrotako lasterketarekin". Hala, kilometro horiek lasterketa hasieran egingo dituzte, Osintxu, Bergara eta Zubillaga artean, Gorla lehenengo aldiz igo aurretik –65. kilometroan hasiko dira Gorla igotzen–. Eta ondoren, lasterketako bigarren zatia betikoa izango da, Aizpurutxora jaitsi, eta Udanatik Oñatira joan eta gero Bergaratik pasako dira azkenekoz, Gorlako igoera erabakigarria egiteko (13:30).
Lasterketa Internet bidez
Ibilbidea gogortzearekin batera, domekara begira beste berrikuntza bat izango du lasterketak; izan ere, Internet bidez, radio vuelta entzun ahal izango da lasterketako momentu erabakigarrienetan: "Eta nola ez, Gorlako azken igoera osoa ere eskainiko dugu". Hau posible izango da mixlr.com/lokatza linkean
2019an emakumezkoekin?
Bada, azken urteotan Lokatzakoak emakumezkoen txirrindularitzaren alde egiten dabiltzan lanarekin jarraituta –aurten ere San Martzialgo igoera kronometratua antolatuko dute– antolatzaile bergararren helburua da etorkizun laburrean 23 urtez azpikoen kategoriarekin batera Gorlako Igoeran emakumezkoak ere ikustea dortsala jantzita: "2019an hori posible izan dadin tinko jarraitzen dugu lanean", adierazi dute antolatzaileek.
Faboritoak eta debagoiendarrak
Irabazteko hautagaien artean, nola ez, iazko irabazlea dago: Eduardo Llacer (Baque-Ideus BH). Harekin batera Lizarte taldeko Marti Marquez kataluniarra izango da gertutik jarraitu beharreko txirrindularia. Horiez gain, San Martin plazako irteeran Mikel Arregi (Eibar Energia) eta Aritz Kortabarria (Grupo Eulen) antzuolarrak ere egongo dira, biak ala biak Lokatzatik pasatakoak. Ikusteko dago Aloña Mendiko harrobiko ordezkaririk izango den, Murgiondo eta Txintxurreta min hartuta daudelako.