Novedades aretoa zena bota egingo dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko mar. 16a, 13:10

Novedades aretoa zena, gaur egun dagoen egoeran.

Bergarar askoren oroitzapenetan geratuko da Novedades zinema; izan ere, etxebizitza berriak egitekoak dira han. Maite Arriaran aretoaren jabeak dio jendeak pena azaldu diola herrian; berak ere badu pena: han jaio eta bizi izan delako.

Novedades zinema aretoa zegoen eraikina bota egingo dute. Data zehaztu barik dago oraindik, baina laster egingo duten lana da. Orube horretan etxebizitzak egingo dituzte eta ingurua urbanizatu egingo dute. Modu horretan, Ikerleku zeharbidea behar den moduan geratuko da lotuta Muniberekin.

Maite Arriaran eta haren familia dira Novedades zinemaren jabeak. "Lehendik ere esan izan digute pena dela zinema itxita izatea; baina, orain, eraikina bota behar dela jakitean, jende askok geratzen nau kalean zelako pena den esateko, edo zelako oroitzapenak dituzten adierazteko", azaldu du Arriaranek egoeraren gainean.

Familiako negozioa

Azkeneko urteetan lokala alokatuta izan zuten eta beste enpresa batek zeukan zinemaren ardura. Hala ere, orain urte asko, Arriaranen aitajaunak, amaren aldetik, zeraman negozioa. "Anbrosio zuen izena. Jende nagusia gogoratuko da; lehen Anbrosioren zinema, edo Anbrosiaren kantoia, esaten zitzaion lekuari", dio. Aitajaunak negozioa utzi zuenean haren seme batek hartu zuen zinemaren ardura, eta semeak utzi zuenean alokairuan jarri zuten.

Eraikina botatzeak izugarrizko tristura ematen diola dio Arriaranek. "Hemen jaio eta hemen bizi izan naiz, nire semeak ere hemen jaiotakoak dira", azaldu du.

Etxetik bertatik ikusteko aukera

Umeak zirela zinemara asko joaten ziren. Garai hartan, gainera, etxetik bertatik zinema aretoa ikus zezaketen –balkoi moduko bat zuen etxeak, aretora ematen zuena–. "Hala ere, askotan behera joaten ginen gallinero zelakora", dio. Zinema aretoa alokairuan jarri zutenean aretoaren sabaia jaitsi egin zuten eta modu horretan, euren etxetik ez zen zinema ikusten.

Zinema aretoek, guztiek orokorrean, izan duten gainbehera ezagutu du Arriaranek. "Garai batean zinema zen asteburuetako plana. Zapatu eta domeka guztietan joaten zen jendea zinemara. Baina, denbora aurrera joan ahala hori aldatu egin da", azaldu du.

Azkeneko filma

Arriaranek film asko ikusi ditu Novedades aretoan; baina, ondo gogoan du ikusi zuen azkena: Titanic. Eraikina botatzen dutenean oroitzapen horiek geratuko dira bergarar askoren artean.


Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak