Martxoaren 8ko greba feministak arrastoa utzi zuen Bergaran ere, eta horren adibide da Martxanterek zein Udalak deitutako mobilizazioek aspaldiko jendetzarik handiena batu izana herriko kaleetan. Bada, askorendako "inflexio puntua" suposatu zuen egun horren ostean, ekimen berriak jarri dira martxan herri berdintsuago baten bila.
Hurrengoan, Berdintasun Plana
Ekimen berri horien artean, aipatzekoa da martitzenean eratu zen Berdintasun Kontseilua. Udal Gobernuaren ekimenez sortua izan bada ere, helburua da herriko taldeen ahalik eta ordezkaritzarik zabalena lortzea; eraketa batzarrean Udaleko alderdi guztietako ordezkariak, –EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Irabazi– Martxanterak, Bergara Kirol Elkarteko eskubaloi sailekoak eta beste zenbait norbanako ere egon ziren. "Berdintasunaren bueltan berba egiteko foro berri bat sortu dugu, Udalarendako aholkulari lanak egingo dituena. Kontseilua iraunkorra izango da, orain arte Bergarak izan ez duen berdintasun teknikariak gidatuta, eta konpromisoa hartzen dugu maiztasun finko batekin elkartzeko; zerbait urgentea balego ere elkartuko ginateke", adierazi du Elena Lete alkateak.
Kontseiluaren erabakiak edo proposamenak ez dira lotesleak izango Udalarendako baina gobernuak argi utzi du "oso aintzat" hartuko direla bertan landutakoak.
Eraketa batzarra izanda, ez ziren edukietan sartu baina kontseiluaren funtzionamendua zein izango den zehaztu zuten: bi hilean behin elkartuko dira Irizarren –hasiera baten, bigarren martitzenetan, 18:30ean–, ordu eta erdiko bilerak izango dira gehienez, eta zerbait berezia gertatuko balitz urgentziaz elkartzeko konpromisoa ere hartu zuten.
Clara Wolframen tailerra
Martxoaren 8aren bueltan antolatutako ekintzen artean, hilaren 20an Irizar jauregian (18:30) egingo duten tailerra dago: Emakumeen ahalduntzea eta adimen emozionala. Sexualitatean eta berdintasun gaietan aditua den Clara Wolframek (Bonn, Alemania, 1968) gidatuko du. Bukatzeko, hilaren 21eko eta 28ko Zabalotegiko zineklubean bi pelikula botako dituzte (20:00): Diez años y divorciada eta En cuerpo y alma.