FCC eta Serbitzu Elkartea enpresek ustiatuko dute Epeleko konpost-planta. Kontratua 4,9 milioi eurotan lizitatu zen eta bi enpresek aurkeztu dute "eskaintza teknikorik onena".
Hasieran lizitatutako prezioaren azpitik adjudikatu zaie zerbitzua bi enpresei; hain justu ere, %12 merkeago: 4,3 milioi eurotan. Kontratua lau urterako da. Konpost-plantaren ustiaketaz gain, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) jabetzako makineriaren ustiapen, mantentze eta kontserbazioa eta konpostaren salmenta ere esleitu zaie bi enpresei.
"Bi hilabete barru erabat operatibo egotea da helburua, hasierako frogaldien ostean. Zain gaude, besteak beste, eskualdeko konpost guztia bertara eroateko" esan du Lander Arregik, Mankomunitateko Ingurumen zerbitzuburuak. Une honetan, Debagoienean sortzen den organikoaren %60 doa Epeleko konpostatze plantara.
Urtean 10.000 tona
Gipuzkoako era horretako planta bakarra izango da Epelekoa. Helburua izango du lurraldeko materia organikoa konpost bihurtzea eta, ondoren, ongarri hori saltzea. Aurreikuspena da urtean 10.000 tona materia organiko sortzea. Gaur egun, lurraldetik kanpo, Artaxona eta Kaparrosora bidaltzen denaren herena. "Oso kalitate oneko ongarria izango da; erronka, orain, izango da prezio onean saldu ahal izatea. Euskal nekazariek erakutsi dute interesa, baita Errioxan ere…" dio Arregik.
Zerbitzua adjudikatu aurretik, hainbat konponketa-lan egin behar izan dituzte. Izan ere, duela hiru urte bukatu zituzten lanak, baina hasieratik antzeman zituzten "akats larriak" funtzionamenduan. Eta, ondorioz, Epeleko plantak ez da inoiz erabat operatibo egon.
Euri urak batzeko depositu berria egiteko hamabi astez lanean aritu da Murias enpresa. 360.000 euroko aurrekontua izan dituzte lanok. 450 metro kubikoko depositua eraiki dute, hasieran egindakoaren bikoitza. Orain, bi depositu daude Epeleko konpost-plantan, esandako moduan, urtean 10.000 tona materia organiko sortzeko aukera emango dutenak.
"Axolagabekeria"
Epeleko konpost-planta frogaldian izan da azken hilabeteetan, nahiz eta ez egon %100eko jardunean. GHKren arabera, 2017an –urtarriletik urrira bitartean– 4.141 tona bio-hondakin batu ziren eta horietatik 1.843 tona konpost sortu. Txosten horrek dio, gainera, sortutako 1.843 tona konpost horietatik 953,46 tona saltzea lortu zela; hau da, sortutako konpost kopuruaren erdia.
GHK-ko arduradunak "pozik" dira, lanak hasi zirenetik hiru urte pasatu direla. Prozesua gorabeheratsua izan da, aurreko agintaldian EH Bilduk martxan jarritako proiektuan "akatsak" antzeman zituzten eta. Hori horrela, txosten teknikoa eta txosten juridikoa eskatu zituen kontsortzioko administrazio kontseiluak, "akats" horiek zeintzuk ziren zehazteko. Txostenak ondorioztatu zuen, besteak beste, euri uren deposituak ez zuela behar besteko edukierarik. "Beste arazo batzuk ere antzeman ziren, baina hori zen arazo nagusia", diote hondakinen kontsortzioko iturriek.
Jose Antonio Asensio Ingurumen Diputatu eta GHK-ko presidenteak esan du Epeleko konpost-planta EH Bilduk inauguratu zuela, "obra zibil guztiaren %39 eta instalazioen %31 bukatzeke" zegoela eta "beharrezko frogaldia egiteke". Horregatik, "axolagabekeriaz" jokatzea leporatu dio Asensiok EH Bilduri. Lan berriek sorrarazi duten "milioi erdiko gainkostua" arduradun diren "enpresa eraikitzaileei" erreklamatuko diela esan du Asensiok.