Bihar iritsiko da jatorrizko lekura

Eneko Azurmendi 2018ko ots. 16a, 09:06

Aste honetan Donostiako Artzain Onaren katedralean izan dute. Argazkia: Donostiako Elizbarrutia.

Urtebete baino gehiagoren ostean –2017ko urtarrilean eraman zuten Sevillara–, Bergarako Hilzoriko Kristoa Ariznoako San Pedro parrokiara bueltatuko dute bihar, zapatua. 19:00etako mezaren ostean jarriko dute kaperan. Guztiz zaharberritu du Andaluziako Ondare Historikoko Institutuak.

Iaz urtarrilean eraman zuten Sevillara Bergarako Hilzoriko Kristoa, Karmeldarren komentuko erakusketan jartzeko, Pablo Rojasen eta Martinez Montañesen beste bi piezarekin batera. Erakusketan jarri aurretik, baina, Andaluziako Ondare Historikoko Institutuak goitik behera zaharberritu du pieza, zazpi hilabeteko lan "mardul" baten bitartez.

Maite Real Andaluziako Ondare Historikoaren Institutuko zaharberritzailea da eta Hilzoriko Kristoaren lanen koordinatzaile lanetan aritu da. "Pieza hau ikaragarria da, gurutziltzatu barroko baten modelo perfektua. Perspektiba historiko batetik begiratuta, obra hau XVII. mendeko gizarte barrokoak erlijioa adierazteko moduaren isla garbia da. Irudia bera, iltzeak eta egurra zedrozkoak dira eta gurutzea, berriz, haritz-egurrezkoa. Oso originalak", azaldu du Realek. Pieza institutuaren eskuetara iritsi zenean, hainbat kalte zituela azpimarratu du zaharberritzaileak. Hori dela eta, zaharberritzea erronka bat izan dela adierazi du. "Lehenik eta behin, goitik beherako garbiketa oso bat egin genion. Izan ere, hauts kapa lodi bat zuen. Horrez gain, aurpegian zenbait erredura zituen. Hasieran aurpegia beltza zen eta sakabanatutako anpoilak zituen, erreduren ondorioz. Gorputzeko zenbait ataletan ere bazituen zenbait erredura", nabarmendu du.

Institutuaren zereginen artean, lehenik eta behin, polikromoaren kontserbazioa bermatzea izan da, irudia behar bezala mantenduz. "Laguntza zientifikoa ere izan dugu. Horri esker, erradiografiak eta analisi kimiko eta biologikoak egin dizkiogu piezari", adierazi du Realek. Bestalde, koroako zati batzuk galduta zituen, ez dute berregin, "datu faltagatik eta zatien tamainagatik". Erabaki bera hartu dute gorputzeko zenbait zatitxorekin.

Institutuak txosten bat publiko egingo du, egindako aldaketa guztiak zehazten dituena.

Bihar, etxera

Gauzak hala, Hilzoriko Kristoa guztiz zaharberrituta iritsi da Euskal Herrira. Urtebete baino gehiago etxetik kanpo egin ostean, aste honetan Donostiako Artzain Onaren katedralean eduki dute ikusgai, eta bihar, zapatua, iritsiko da jatorrizko lekura, Bergarako Ariznoako San Pedro parrokiako kaperara, hain zuzen. "Ilunkeran iritsiko da Bergarara. 19:00etan meza egingo dugu, eta hau bukatzean jarriko dugu bere lekuan", adierazi du Jon Molinak, Bergarako parrokoak.

Domekan, berriz, Hilzoriko Kristoa bere lekuan dagoela, lehen meza egingo dute, 12:00etan. "Meza berezia izango da, eta Parrokiako Abesbatzak ere abestuko du", azaldu du Molinak.

Azkenik, martxoaren 23an, Erramu Zapatuaren bezperan, kontzertu berezia eskainiko dute herriko lau abesbatzek San Pedro parrokian, 20:00etan.

Kapera ere, zaharberrituta

Hilzoriko Kristoa kanpoan egon den denbora aprobetxatuta, San Pedro parrokiako kapera zaharberritu egin dute. "Konturatu ginen ezin zela kapera honetara itzuli kapera zegoen egoera horretan egonda. Beraz, Kristoa eraman eta berehala hasi ginen kapera zaharberritzeko lanekin", azaldu du Jon Molina parrokoak.

Lehenengo, erretaula zaharberritu zuten, eta, horrekin batera, argiteria, pinturak eta burdin hesia. Horrez gain, ama birjinaren koadroari azken ukituak ematen ari dira orain.

Artez enpresako Maite Fernandez eta Aida Paya aritu dira kaperaren zaharberritze lanak egiten, baita ama birjinaren koadroarenak ere. "Koadroaren markoa garbitzen genbiltzala, konturatu ginen pipiak koadroa jaten ari zirela, eta, Kristoak zaharberrituta etorri behar duenez, eta pipia egur batetik bestera erraz pasatzen denez, guztia zaharberritu dugu. Herdoildutako berniza kendu diogu, garbiketa egin dugu, hutsuneak bete ditugu, eta orain, koloreari azken ukituak ematen ari gara", azaldu du Fernandezek.

Guztiak ere "gogoz" daude egindako lanaren emaitza bere osotasunean ikusteko, hau da, zaharberritutako Hilzoriko Kristoa eta kapera elkarrekin ikusteko.

75.000 euro

Kaperaren zaharberritze lanek 45.000 euroko kostua izan dute, eta Parrokiako funtsetik ordaindu da, baina herritarren ekarpenek ere garrantzi handia izan dute. "Eskerrak eman nahi dizkiegu lagundu diguten herritar guztiei, eta, bereziki, San Pedroko eliztarrei", azpimarratu du Molinak. Hilzoriko Kristoaren zaharberritzeak, bestalde, 30.000 euroko kostua izan du, baina hori ez du Parrokiak ordaindu. "Gipuzkoako Foru Aldundiak 8.000 euroko diru laguntza eman du, eta beste enpresa eta norbanako batzuen ekarpenarekin ordaindu da gainontzekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak