Jardunek antolaturiko Amodiozko Gutunen eta Esaldien lehiaketako sariak banatu zituzten atzo, San Balentin eguna, Bergarako Irizar jauregian. Aurten, 79 gutun idatzi dituzte lehiaketarako eta guztira 176 esaldi edo mezu aurkeztu dituzte.
Sari banatze ekitaldian, irabazleek eurek idatzitako gutunak irakurri zituzten biolin doinuek lagunduta. Lehenengo saria, 500 eurokoa, Itziar Ugarte oñatiarrak irabazi du, hil berri den amamari idatzitakoa hain zuzen ere.
Bigarren saria, elkarbanatua izan da, epaimahaikideek erabakita. Goiatz Labandibar oiartzuarrak Gabriel Arestiri emazteak idatzitako gutuna aurkeztu zuen, eta Nerea Izagirre zumaiarrak Sistole Diastole izena daraman gutuna. Biek Irizar jauregian bildutako herritarren aurrean irakurri zituzten euren gutunak.
Gazte saria, bestalde Zuriñe Etxeberria Iruñan bizi den donostiarrak eskuratu du Atzo, Gaur, Bihar, Betiko lanarekin. Etxeberria ez zen sari banatzean izan, baina gutuna berak irakurritako grabazioarekin gozatu ahal izan zuten bertaratu zirenek.
Bergara onenaren saria aurten Karmele Uribesalgok eskuratu du, errefuxiatuei idatzitako gutunarekin.
Esaldi onena, bestalde, Gonzalo Nunes bergararrarena izan da. Ekaitz artean, zure begiradarekin amesten dut. Begiak ixten ditudanean, isiltasunaren erdian, zu. Horixe izan da esaldi saritua.