Maitasunari askotariko ikuspuntuetatik idatzita

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko ots. 9a, 09:03
Asuabarrena, Labaka eta Larrion epaimahaikideak. Argazkia: Maitane Arizabalaeta.

Itziar Ugartek, Zuriñe Etxeberriak, Goiatz Labandibarrek, Nerea Eizagirrek eta Karmele Uribesalgok idatzitako gutunak sarituko ditu Jardun Euskara Elkarteak eguaztenean; esaldi onenaren saria, berriz, Gonzalo Nunesek irabazi du.

Hil berri den amamari ilobak idatzitakoa , ama batek alabari ematen dizkion aholkuak jasotzen dituena, Europara heldu den errefuxiatuak jaioterrian utzi dituenei eskainitakoa, emazte batek senarrari bidalitakoa... Maitasuna adierazteko molde asko eta askotarikoak aurten ere Jardunen Amodiozko Gutunen eta Esaldien lehiaketan. Guztira 79 gutun eta 176 mezu izan da aurtengo uzta.

Patxi Larrion idazleak, Ane Labaka bertsolariak, Eñaut Asurabarrena musikariak eta iazko irabazle Eider Perezek osatu dute epai-mahai nagusia. Larrionen esanetan, ikuspuntua izan da baloratu duten osagaietako bat, eta gaineratu du, erabili dituzten baliabideak eta erreferentziak ere aintzat hartu dituztela, esaterako, hainbatek Anari abeslaria ekarri dutela gutuna girotzeko unean.

Sari nagusia, Oñatira

"Hasierako aukeraketak ez zuen eztabaidarako tarte handirik utzi, eta horrek erraztu du azken erabakia hartzea", dio Larrionek.  "Lehenengo sarian irudiak eta oroimenaren trataera goraipatu ditugu, bereziki. Bigarren saria bi lagunen artean banatu dugu: Goiatz Labandibar oiartzuarraren eta Nerea Eizagirre zumaiarraren artean. Ikuspuntua eta erreferentziak nabarmendu ditugu Gabriel Aristiri egindako omenaldia dirudien Labandibarren idatzian; eta erritmoa, bereziki, Eizagirrek aurkeztutakoan. Bergarar onenaren saria, berriz, Karmele Uribesalgorentzako da, errefuxiatuen inguruan idatzi du, gaurkotasun handiko gaia, hortaz, eta, era berean, ahoz gora irakurtzeko moduko gutuna iruditu zitzaigun.

Gazteen saria, Zuriñe Etxeberria donostiarrak jasoko du. Halaxe erabaki dute Ipintza Institutuko eta Aranzadi ikastolako ikasle diren Maider Andrinuak, Aitor Etxeberriak, Maider Guridik eta Naiara Azkaratek. "Asko gustatu zaigu gaia, eta ados geunden denak. Amak alabari idatzitakoa da".

Esaldietan gorakada handia

Bergarako parte hartzaile asko izan dira, eta Gonzalo Nunesek irabazi du esaldi honekin: Ekaitz artean, zure begiradarekin amesten dut. Begiak ixten ditudanean, isiltasunaren erdian, zu.

Sari-banaketa ekitaldia Otsailaren 14an

Jardun euskara elkartekoen esanetan, sari-banaketa ekitaldia xumea eta gozoa izango da. "Urtero moduan Irizar jauregian egingo dugu, eta aurtengo irabazle eta epai-mahaikideez gain, musika eskolako biolin-jole bat ere izango da agertokian. Sariak banatu ostean, ekitaldia borobiltzeko luntxa egingo dugu. Guztiontzako izango dira ateak zabalik", azaldu du Maitane Arizabaletak.

Itziar Ugarte: (Lehenengo saria): "Amamari idatzi diot, fikzioa ere sartuta"

Bigarren aldia du lehiaketan, aurrekoan saririk ez zuen lortu, oraingoan, baina, sari nagusia.   Kazetaritza ikasketak bukatuta, Berria egunkarian bekadun ari da orain.

Zorionak! Pozik?

Oso pozik. Ezustean harrapatu nau albisteak.

Orain dela hilabete batzuk hil zen amamari eskaini diozu.

Beste istorio bat nuen hasieran buruan baina ez aurrera ez atzera nenbilen, eta horrelako baten amamarekin gogoratu eta hari idazten hasi nintzen; errazago ateratzen zitzaidala ikusi nuen, errealagoa egiten zitzaidan. Nigandik urruntzen saiatu naiz, fikzioa ere sartuz eskutitzean. Amamari idatzi diot, baina haren belaunaldiari keinua eginda.

Sari banaketan izango zara?

Lanean baimena emanez gero horixe da bai nire asmoa.

 

Zuriñe Etxeberria: (Gazte saria): "Gogo handia nuen idazteko eta hitzak modu naturalean atera zitzaizkidan"

Idaztea oso gustuko du, barrenak askatzeko duen modua dela dio. Eguneroko bizitzan asko idazten du eta ahal duen guztietan parte hartzen du idazketa lehiaketatan.

Zorionak! Pozik?

Oso pozik. Sarean lehiaketa bila ibili nintzen, Bergarakoaren egin nuen topo eta begira!

Zeri buruzkoa idatzi duzu?

Ama batek mezua helarazi dio alabari, esan nahi dio estereotipo eta abarrez inposatutako mundu honetan , izan zaitez zu zeu eta horrek egingo zaitu polit eta eder. Azken batean azpimarratu gura du, besteek gurekiko duten maitasunaren gainetik maitasun propioa dagoela.

Errez idatzi duzu?

Oso errez, gogo handia nuen idazteko eta hitzak modu naturalean atera zaizkit.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak