Arturo Tirador ('Fracasado' liburuaren idazlea): "Mende erdi ibili naiz askotariko ametsei segika"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko ots. 14a, 17:12

Musikaria, diskoetxeko enpresaria, giza eskubideen ikertzailea, kultura promotorea eta on line ekintzailea izan da Arturo Tirador, Von (Bergara, 1965). Londresen, San Frantziskon (AEB), Ostravan (Txekia)... bizi izandakoa; Gasteiz du gaur egun, bizitoki. Fracasado autobiografia argitaratu berri du; Elkar liburu dendetan eta Amazon.es atarian eskura daiteke. Aurreko asteko Puntua aldizkarian kontatu zituen Tiradorrek liburuaren eta bestelako gaien ingurukoak.

Zerk bultzatuta idatzi duzu? 

Gelditu eta hausnartu beharra nuela konturatzeak. Mende erdi ibili naiz proiektu ezberdinetan murgilduta ametsei segika; batzuk bete dira, eta beste batzuk ez. Publikoki partekatu dudan terapia moduko bat izan da liburua idaztea.  

Trilogia formatuan argitaratuko duzu eta munduarekiko duzun begirada partekatu duzu zati honetan. Ze begirada da hori?

Informazioaz eta konpromisoez saturatuta bizi gara; estresa, kezkak, eta frustrazioa sortzen dizkigutenak. Norbanakoarekin zorrotzegiak eta kritikoegiak gara, eta baita besteekin ere. Besteen gutxiespenak ekidin eta onespena jasotzearekin obsesionatuta gaude. Gai horiei eta beste hainbati buruz hausnartzen dut. Nire bertuteak eta gabeziak erakusten ditut txanpon bereko beharrezko aurpegi moduan.

Minbizia diagnostikatu zizuten idazten ari zinela. Zelan zaude?

Bai;  prostata minbizia, baina denboraz antzeman zuten, eta  orain ondo nago. Gogorra izan da, kontziente naiz askoz okerragoak daudela; niri, baina, gauza positibo asko deskubritzeko balio izan dit, irakurlearekin partekatu gura izan ditudanak.

Zelan eta noiz hasi zinen idazten?

33 laguneko irakurle taldea osatu nuen eta liburuko pasarteak bidaltzen nizkien, euren feedback-a jaso eta lagunduta sentitzeko. Liburuan islatuta dagoen moduan, euren erreakzioak inspiratzeko balio izan didaten arren, segituan ondorioztatu nuen lehenbailehen argitaratzea zela onena, besteen iritziei garrantzirik eman gabe.

Bizipen asko jaso dituzu, horien artean, musika-garaikoak.  

Londresen diskografia munduan bizitako anekdota bitxi batzuk kontatzen ditut bai, baina, batez ere, Bergarako eta Eibarko –La Salle eskolan ikasi nuen– garaian zentratu naiz. Lehenengo honetan nahiago izan dut edonor islatuta senti daitekeen gaiak tratatzea: beldurrak; konplexuak, adiskidetasuna, eskola, egoa, sexua, familia... Gardentasuna izan da nire obsesioa, nahiz eta gauza batzuk kontatzen oso eroso ez sentitu.

Londresera musikaria izateko joan zinen. Zelan joan zitzaizun?

Deustuko Zuzenbide ikasketak utzi nituen musikaria izateko. Madrilgo CBS disketxetik deitu zidaten grabatzeko proposatuz, baina ez nuen onartu gazteleraz abestera behartzen nindutelako, eta nik ingelesez abesten nuen. Londresko lagun musikariei esker, etxez etxe ibili nintzen, baina, urtebetez, nora ezean eta arrakasta ezagutu barik ibili ostean behea jo nuen. Grabazio estudioa sortu nuen geroago;  izen handia hartu zuen, eta gerora artista handi asko izan direnen lanak grabatu nituen, adibidez,  Jamiroquai eta Primal Scream.

Zelan bukatu zen abentura hori?

1986an sortu nuen Von’s Recording Studios, eta 1995ean saldu nituen, Kelly McCormick eskoziar talentua aurkitu nuenean. Haren aldeko apustua egitea erabaki nuen: Red Bus bere bandari deitu, eta bi pisu zituen autobus gorri bat erostea proposatu nion; gure etxe ibiltari bihurtu genuen hura.

Ondoren, psikoterapeuta eta giza eskubideen ikertzaile izan zinen, baina. Zerk bultzatuta?

Red Bus-en etenik gabeko sei hilabetetako birarekin amaitu zen diskografia munduan egin nuen hamarkada intentsua, eta aldaketa behar nuen. Psikoterapia ikasketak egin eta urtebetez jardun nuen lanbide horretan.  Geroago, Txekian giza eskubideen ikertzaile moduan jarduteko aukera sortu zitzaidan GKE batekin. Nire egin-beharra, ijito haurren aurkako diskriminazio frogak aurkitzea zen Txekiako gobernua Estrasburgora eramateko helburuarekin; eta lortu genuen.

Horrenbeste bizipen interesgarri kontatuta, zergatik Fracasado?

Porrot egindako sentimenduarekin hasi nintzen idazten, baina idazketan aurrera egin ahala, porrot bakoitza ikasbide izan zela ohartu nintzen, horrenbestez, liburuaren tonua ez da bat ere ezkorra. Izenburua hori bada ere, ez naiz bat ere biktimista. Umorea ezinbesteko osagaia izan da landu ditudan gai batzuen sakontasuna orekatzeko eta publikoki biluzteak ematen didan lotsa gainditzeko.

Gorka Aginagalde eta Jon Plazaola aktoreek liburua promozionatzen lagundu dizute; horren erakusle, sarean dagoen bideoa.

Nik eskatu barik opari moduan bidali zidaten. Egiazko arrakasta maitasunean eta adiskidetasunean dagoela deskubritu dut, eta alde horretatik porrotik gutxi: lagun asko ditut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak