Musikari, aktore eta dantzari, 135 pertsona igo ziren atzo Bergarako udal Pilotalekuan jarritako agertokira Ai Amatxo 3.0 musikala eskaintzeko. Aratusteetako kontzertuaren 30. aldia zen, eta sortutako ikusmina ez zen nolanahikoa, salgai jarritako 800 sarrerak lehen egunean agortu ziren eta.
Musika Bandak ordu-laurden inguru iraun zuen kontzertua egin zuen musikalari hasiera eman aurretik, eta horren ostean etorri ziren hain ezagunak diren ABBAren kantuetan oinarritutako ikuskizuna. Nolabait ere etxekotu egin zuten gainera jatorrizko obra: Broadwayko musikala eta pelikula Grezian kokatuta bazeuden, esaterako, Bergarakoa Euskal Herriko landetxe baten gertatzen da.
Musika Bandaz gain, Orkestrak, Aritzeta abesbatzak, Kulunka dantza taldeak eta herriko beste hainbat artistak ere hartu zuten parte Bergaran lehen aldiz 2012an estreinatu zen musikalean. Orduan eskainitakoari hainbat aldaketa egin zizkioten atzoko emanaldirako; eta esan daiteke, amaierako txalo zaparrada kontuan hartuz gero, publikoaren gustukoa izan zela ikusitakoa. Artista guztiak ibili ziren fin bakoitza bere lanean, baina azpimarratzekoa da Ainara Ortega hernaniarrak protagonista moduan egindako papera.
Musikala amaitzean, beste talde ezagun baten, Alaska eta Dinaramaren abesti batekin dantzan jarri zituzten Udal Pilotalekuan batutako publikoa.
Omenaldia zuzendariei
1989an egin zuten Bergaran lehenengo aldiz Aratusteetako kontzertua; aurtengoa, beraz, 30. urteurrena izan da. Eta baita aldaketaren urtea ere. Izan ere orain arte zuzendari lanetan ibili diren Alfredo Gonzalez Chirlaquek, Javi Burgosek eta Manu Diazek ardura nagusiak utzi eta laguntzaile moduan jarraituko dute datorren urtean. Gauzak horrela, omenaldi beroa jaso zuten atzoko ikuskizunaren bukaeran. Kulunka dantza taldeko zuzendari Alaitz Izagak ere jaso zuen oparia.
Martitzenean, Goiena telebistan
Datorren martitzenean, otsailaren 13an, Goiena telebistan eskainiko da Ai Amatxo 3.0 musikala, 23:00etan.