Eguraldi grisari kolorea jartzera doaz bergararrak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko ots. 9a, 08:00

Iaz autotxokeak ibili ziren hara eta hona herriko kaleetan zehar.

Torraden eta pellen ikastaroarekin eta atzoko sorgin-dantzarekin abiatu dira Aratusteak, ekitaldi potoloenen faltan: gaur kontzertu berezia, bihar mozorro bazkaria zein Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna, eta martitzenerako musika eskolakoen kalejira.

Bergarari ere Aratuste usaina dario. Hain justu, torraden eta pellen usainaz eta zaporeaz gozatzeko aukera izan zuten martitzenean San Antonio auzoko Gure Ametsa elkartean egin zen ikastaroan parte hartu zutenek.

Eta atzo, duela urte gutxi berreskuratutako ohitura zaharrari eutsiz, sorgin-dantza egin zuten San Martin plazan, Barrenkalean, Simon Arrieta plazan eta Irala kalean. Dantzariek herriko txistularien eta trikitilarien laguntza izan zuten, eta aspaldiko tradizioari eutsiz, hartza ere irten zen kalera dagokion hezitzaile eta guzti.

Gastu aurreikuspena: 36.000 euro

Gaur, Aratusteetako kontzertuak 30 urte egingo ditu. Ez dira izan 30 urte gaur egungo formatuan, eta hain zuzen gaurkoa izango da formatu horretan egingo den azken emanaldia (ikus 28. orria). Bihar, kuadrillen eguna, mozorro bazkaria antolatu dute. 100 bat lagun elkartuko dira; azken bi urteotako kopurua mantenduz. Aratuste-martitzenean, berriz, gaztetxoenak izango dira protagonista; mozorroek eta musikak bat egingo dute arratsaldean.

Bestalde, Udalaren gastu aurreikuspena 36.000 eurokoa da eta sarreren aurreikuspena, berriz, 14.480 eurokoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak