Bergarako historia jasotzen duen dokumentua, eskuragarri

Txomin Madina Milikua 2018ko ots. 6a, 19:18

2018a urte berezia da Bergararendako, uztailaren 30an 750 urte beteko dira-eta udalerriak herri gutuna jaso zuenetik. Hori gogoan izateko hainbat ekimen eta jarduera prestatzeko lanetan ari dira, eta dagoeneko eskuragarri dago  emaitzetako bat: Bergarak bere historian izan dituen mugarriak eta garapena jasotzen dituen dokumentua.

Bergara sortu zela 750. urte beteko dira 2018an, eta herriaren lorpenak, izaera, komunitate-indarra jasotzeko asmoarekin hainbat ekimen eta jarduera prestatzen ari dira prestatzen Udala eta hainbat herritar. Hainbat lan-taldetan ari dira lantzen arlo ezberdinak: Kultura eta Kirol Mahaia, Hezkuntza Mahaia, Mahai Historiko-Zientifikoa eta Garapen Sozio-ekonomikoaren Mahaia.

Gauzak horrela, Mahai Historiko-Zientifikoaren lanak eman du lehen fruitua: gaur bertan aurkeztu duten Bergarako historiaren garapena eta mugarriak jasotzen dituen dokumentua. Berau Eusko Ikaskuntzak egin duen arren, hainbat herritarrek egin dituzte ekarpenak, hala nola: Miguel Angel Alvarezek, Juan Martin Elexpuruk, Miguel Angel Elkoroberezibarrek, Andoni Larrañagak, Jose Mari Larrañagak, Patxi Larrañagak, Xabier Larrañagak, Juan Madariagak eta Anaje Narbaizak.

Dokumentuan hainbat ataletan dago banatuta -Historiaurrea, Erdi Aroa, Aro Modernoa, XIX. Mendea, Bergara Modernitaterantz, Gerra Zibila eta Frankismotik Demokraziara-, eta datorren astetik aurrera eskuragarri egongo da formatu fisikoan Udaleko hainbat eraikinetan. Dena den, udal webgunetik deskargatzeko aukera ere egongo da bihartik aurrera. Eskoletan ere banatuko dute dokumentua.

Ekitaldi sorta zabala

Apiriletik aurrera hasiko dira urteurrenaren harira antolatutako ekintza garrantzitsuenak. Besteak beste, herriko historia ezagutzeko ziklo bat antolatuko da, eta wolframioa isolatzeko esperimentu bat ere egingo da. Bergarako Musika Bandak, bere aldetik, elkarteetako piezak batuko dituen  CD bat grabatuko du, eta ekainaren 29an, ekitaldi berezia egingo dute herriko kultura taldeek. Kirol argazki historikoekin osatutako erakusketa; Bergarako curriculuma unitate didaktikoa; Bergararen egungo eta etorkizuneko egoera aztertzeko ikerketa... dira garatzen dabiltzan beste proiektuetako batzuk. Gida baten jasoko dituzte ekitaldi guztiak.

Aratusteetan, gainera, herriko merkatari eta ostalariek Erdi Aroz mozorrotuko dute herria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak