Gaur zen aukeratutako eguna. Horrenbeste denboran zain egon ondoren, Bergararrek kultur agertokia inauguratu dute, herriko plazan eta eszenatoki historiko baten; XVIII. mendeko zientzia arloko Europako ikastetxerik eta ikerketa zentrorik garrantzitsuena izan zen Errege Mintegian. "Ametsa da eta dagoeneko badaukagu kultur aretoa, azpiegitura moderno batekin", zioen bere hitzaldiaren hasieran alkate Elena Letek. "Duela urte batzuk", jarraitu du, "gizurra zirudien XVIII. mendeko eraikinean horrelako azpiegitura bat egin ahalko litzatekeenik. Hemen artea eta modernitatea elkartu dira".
Bi urteko lankidetza
Seminarixoa areto bihurtzeko lan handia egin behar izan dutela ere esan du Letek. Eta elkarlanaren emaitza garbia dela azpiegitura berritua: "Bi urtez aritu gara lankidetzan artearen eta arkeologiaren maisu direnekin, kultur arloko profesionalekin eta abarrekin. Guztiei eskerrak eman gura nizkieke hau guztia posible egin dutelako".
Bukatzeko, agertokiko kultur eskaintza osatzeko herritarren lankidetza eskatu du alkateak: "Hemendik eta maiatzera bitartean diziplina anitzeko ikuskizun asko ditugu hitzartuta. Guztion ekarpenekin osatuko dugu hemendik aurrerako eskaintza".
"Esfortzu handia eta berritzailea"
Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak ere izan dira ekitaldian. Hala nola, Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbide, Kutur Sustapeneko zuzendari Mari Jose Telleria, eta diputatu nagusi Markel Olano izan dira bertan.
Gaur Bergaran egotea plazera dela esanez hasi du hitzaldia diputatu nagusiak. "Aretoan esfortzu handia eta berritzailea egin delako eta emaitza arrakastatsua delako".
Kulturak euskal herritarraren izaeran duen indarra ere nabarmendu du Olanok: "Herrien nortasuna mantentzeko ezinbestekoa da hemen eduki kulturalak sortzea", eta "hau izango da sorkuntza gunea", erantsi du. "Aurrera goaz elkarrekin eta plaza honen inguruan komunitatea sortuz, elkarrekin bizitzeko dugun konpromisoa indartuko da".
Musika protagonista
Inaugurazio ekitaldian kultur diziplina batek indarra izan badu, hori izan da, musika. Bergarako Txistulari Bandak eman dio hasiera ekitaldiari. Gero Azkaiter Peloxen emanaldia etorri da eta bukatzeko, Udal Musika Bandak, Ezpata dantza, Bergarako ereserkia eta Alkate soinua eskaini ditu. Ikusleak liluraturik gelditu dira soinuaren kalitatearekin.