Telegram mezularitza aplikazioaren erabiltzaileek gaurtik, 25 sticker edo eranskailu –emotikono gisa erabiltzen diren irudiak– berri izango dituzte eskura. Ez dira edonolakoak; izan ere, Bergarako berba eta esamoldeak dira sticker gisa aurkeztuko dituzten horiek. Helburu bikoitza dute: "Alde batetik, Telegram zerbitzua erabiltzera bultzatu nahi ditugu bergararrak, euren esku utziz gertukoa eta erabilgarria suertatuko zaien eranskailu sorta", dio Zibergara taldeko Jokin Guridik. Bigarren helburua da Bergarako euskarari bultzada ematea; lehen eta egun erabiltzen diren berbak aukeratu dituzte.
Elkarlanaren emaitza
Zibergara taldeak Juan Martin Elexpuru idazlea izan du zeregin horretan bidelagun, "eranskailuetan agertzen diren berbak ezagutzen eta aukeratzen" lagundu baitie.
Behin hitzak eta esaldiak aukeratuta, horiei irudia ipini eta sticker bihurtzea izan da hurrengo pausoa. Irudiak sortzeko, Bergarako bost artistarengana egin du Zibergarak: "Herriko hainbat artistaren lana ezagutzera ematea ere bazen-eta asmoa", dio Guridik. Ana Madinabeitia, Asier Kortabarria, Julia Pajares, Mikel Aginagalde eta Aintzane Conde dira horiek.
Aukeratutako esaldiak
Esan bezala, 25 dira, guztira, eta gaur aurkeztuko dituzte. Horietako bost hemen dituzue ikusgai. Juan adi Pikulitxara! esamolde ezaguna da, besteak beste, sticker edo eranskailu bihurtutako esaldietako bat. Bergaran asko erabiltzen den esaldia da hori eta pertsona bat pikutara edo popatik hartzera bidaltzeko erabiltzen da. Amama edarra euki don! sticker-ak, bestalde, mauka edo zortea izatea adierazi gura du eta Ziber Gara taldea bera promozionatzeko sortutako eranskailua da. Earra piezia zerbait oso ondo egon dela adierazteko sortu dute eta Afrola, zerbait sexualki erakargarria dela aditzera emateko.
Gaur aurkeztuko dituzte
Sticker-ak gaur aurkeztuko dituzte jendaurrean, 19:00etan Irizar Jauregian egingo duten ekitaldian. Ordutik aurrera, erabilgarri egongo dira. Ekitaldian, gainera, Mikel Aginagaldek, Elkartela 2017 lehiaketako kartel onenaren egileak, saria jasoko du. Halabalooza jaialdia iragartzeko egindako kartela da lehenengo sariaren irabazlea.