Reyes Azkoitia: "Bergarako txapelketa tranpolin modukoa bat da pilotarientzat"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko urt. 19a, 09:25

Hilaren 30ean hasiko dute Soraluze lau t'erdiko pilota txapelketa. Herrian eta pilotarien artean errotuta dagoen txapelketa da Bergarakoa. Martitzenetan izaten dira partiduak, baina hala ere pilotazaleak frontoira joaten dira, pilotaz gozatzera. Reyes Azkoitia pilota saileko kideak azaldu ditu txapelketaren nondik norakoak.

Dagoeneko prest duzue zortzigarren Soraluze txapelketa.
Bai, dena gertu dugu urtarrilaren 30ean txapelketari hasiera emateko.

Bi mailako pilotariak bakarrik izaten dituzue?
Bai, promesa eta nagusien mailako txapelketa antolatzen dugu. Martitzenero izaten dira partiduak, maila bakoitzetik bat jokatzen da.

Aurtengo txapelketako pilotariak gipuzkoarrak izango dira. Zergatik hori?
Gure ustez maila onean dabiltzan pilotariak dira txapelketarako aukeratu ditugunak. Gaur egun Gipuzkoa maila ona dago; gura izan dugu Errioxako beste pilotari bat ekartzea, Zabala, baina ezin duela esan digu. Partidu askokin dabilela esan digu eta nahiago duela orain ez etortzea. Gipuzkoarrek, aldiz, guztiek esan digute baietz.

Soraluze enpresaren laguntza izaten duzue txapelketa antolatzeko.  
Bai, orain dela zortzi urte, txapelketa antolatzen hasi ginenean, txapelketaren kostu guztia hartzen zuten eurengan. Gaur egun, aldiz, krisi kontuak direla-eta, azkenaldian gutxiago ematen dute eta beste bide batzuk bilatzen ditugu. Zozketak egiten ditugu; hortik ateratzen dugunarekin eta ematen digutenarekin, parra egiten dugu.

Bergarako txapelketa honek izen handia dauka, eta hemen irabazi izan dutenek, profesionaletara salto egiteko aukera izaten dute, gero.
Bai, Bergarako txapelketa tranpolin bat dela esan daiteke. Txapelketa hau irabazi duten pilotari asko pasatu dira profesional mailan jokatzera; ez dira denak izan, baina euretako asko bai.

Martxoaren 13an izango da finala.
Bai, eta irabazleek dirua, txapela eta garaikurra eramango dute, eta baita Bergarako tostoi eta erreileno batzuk.

Debagoiensarrik izango da lehian?
Arrasateko Muruak jokatuko du promesa mailan. Ezker airez ondo sartzen den mutila da, eta sakea ere indartsua du. Arazoak izan ditu eskuetan, eta ea nolako ikuskizuna ematen duen. Ondo moldatzeko moduko dohainak ditu. Bailara mailan Oñatiko Biain geratu da kanpoan, baina, denendako lekua ez dago.

 

 

 

Pilotariak

Promesa mailan Mata, Osa, Exposito, J. Egiguren, Iriarte, Agirremalloa, Sein eta Murua arrasatearra lehiatuko dira. Nagusien mailan, aldiz, E. Labaka, Zubizarreta, P. Labaka, Zubiria, I. Egiguren, Prieto, Alberdi eta Elola.

Lau jaialdi jokatuko dituzte: urtarrilaren 30ean lehenengoa, otsailaren 6an bigarrena, otsailaren 13an hirugarrena eta azkena otsailaren 20an. Murua arrasatearrak otsailaren 20an jokatuko du Egigurenen aurka, 19:30ean. Finalerdiak otsailaren 27an –lehenengo eta bigarren jaialdiko irabazleak elkarren aurka– eta martxoaren 6an – hirugarren eta laugarren jaialdiko irabazleak elkarren aurka– izango dira, eta finala martxoaren 13an jokatuko dute. Norgehiagoka guztiak 19:30ean izango dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak