Puntua aldizkarian argitaratutako Vicente Cuevaren kontzertuari buruzko artikulua

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko urt. 18a, 18:00

Vicente Cueva Toledoko Sefardi museoan. Argazkia: Toledoko Sefardi Museoa

Holokaustoko biktimen memoria gogora ekarrita publikoa hunkitzeko helburuarekin idatzi zuen Shoah for solo Violin and Sacred Temple partita Jorge Grundman konpositoreak. Toki sakratuetan eta akustika berezia duten aretoetan jotzeko filosofiarekin sortu zuen, eta Vicente Cueva eskarmentu handiko biolin-jole eta lagunari eskatu zion obra interpretatzeko.

Toledoko Sefardi museoan estreinatu zuten, apirilean, eta harrezkero beste hainbat toki bete dituzte Cuevaren biolinaren doinuek. Urtarrilaren 20an, 19:00etan, zabaldu berri duten Bergarako Seminarixoan izango da, eta oholtza gainean lagun izango du Jaime Arranz aktorea; hark errezitatutako testuek lotuko dute ordubete irauten duen errepertorioa.

Marrazkiak, partiturara

Zilarrezko eztei-bidaian zegoela Pragako Juduen Museora joan zen Grundman; eta han, holokausto garaian Terezin ghettoan zeuden  haurrek egindako marrazkien bilduma ikusi zuen. “Ikaragarrizko mina hartu zuen; irudi horiek argi adierazten zuten haurrek ikusten eta entzuten zutena. Varsoviako  ghetthoan hil zituzten bere aitona eta amona juduek sufritu zutena sentitu zuen. Museotik atera orduko barruan sortutako har mingarria atera guran, telefonoan grabatu zuen melodia, txistuka. Horrela abiatu zen Shoah for solo Violin and Sacred Temple partita”, kontatu du Cuevak.

Grundmanek eta Cuevak aurrez Sonatas para violín y piano diskoa grabatu zuten elkarrekin, eta saria irabazi zuten harekin. Partitura berria idatzi eta Cueva lagunaren atea jo zuen berriz. “Eman zidanean, lan askorekin nenbilen, eta hilabete batzuetan albo batera utzi nuen. Halako baten, eskuetan hartu, biolinarekin grabatu eta bidali egin nion. Hunkitu egin zen, eta estudio baten grabatu gura zuela esan zidan. Grabatu, eta sekulako hedapena izan zuen, eta gai berari buruz partitura gehiago sortzeko proposatu nion. Hiru bat urte geroago, partita osoa erakutsi zidan. Sei mugimendu dira, eta bakoitzak holokaustoko gertakari edo toki batera eramaten gaitu. Shoah juduek holokaustoa izendatzeko erabiltzen zuten hitza da, hondamendia adierazi gura du;  juduei ez zaie holokausto hitza gustatzen; euren ustez, nazien kontra nahikoa borrokatu ez zirela adierazten du”.

“Musika deskribatzailea”

Aitona-amonak eta, orokorrean, holokaustoko biktimak omentzeko konposatuta dago, baina horrelako gehiago ez gertatzeko aldarrikatzeko ere badela dio.  “Herrialde askotan gertatzen ari dira gertakari negargarriak. Beste aurpegi batzuekin, baina gaur egun ere errefuxiatuak eta ghettoak daude”.

Narratzaileak josten ditu sei mugimenduak. Orain arteko emanaldietan Cuevak kontatu ditu piezen arteko istorioak, baina aurrerantzean, eta Bergaran estreinakoz, Jaime Arranz aktore klasikoak. “Musika deskribatzailea da, istorio bat kontatzea du helburu. Entzuteko eta ulertzeko erraza. Ghettoan bizi irauteko egin behar zituztenak jasotzen ditu pieza batek; musikariak eramaten zituzten guneari buruzkoa da beste bat; gas-kamera bateko zaindari batek entzundako sehaska-kanta bat, hiltzera zihoan ama batek haur txikiari kantatua... Publikoa negarrez ikusi izan dut, baina aretotik irribarre batekin ateratzen geroago. Istorio gogorra da, baina itxaropenerako bidea ere zabaltzen du. Musika oso ederra da, eta profesionalki sekulako oparia izan da; eta gainera, estreinaldian, 1691ko Stradivari batekin jotzeko aukera izan nuen. Pertsona moduan, baina, are ikaragarriagoa izan da; sekulako astindua eman dit barru-barruan”.

Sarrerak, zortzi eurotan  

Seminarixoan eskainiko dituzten emanaldi guztietarako moduan, kontzertu horretarako sarrerak eskuratzeko ere bi bide daude: Seminarixoko leihatilan ostegunero 18:00etatik 20:00etara, eta Internetez, ticket.kutxabank.es atarian. Hileko lehenengo eguenetan jartzen dituzte hilabete horretan izango diren ekitaldi guztietarako sarrerak salgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak