Erakusketaren aurkezpena egin dute gaur, Aroztegin bertan. Elene Lete alkateak hartu du hitza lehenengo. Esan du Bergarako Udalari "txalogarria" iruditzen zaiola Intxorta 1937 elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, abiarazitako ekimena. "Hain zuzen ere, emakumeen ahotsa, testigantzak eta aurpegiak jasotzea", gaineratu du.
Erakusketa ibiltariak emakumeek Frankismoan zehar sufritutako eta bizirauteko egindako ahalegina plazaratzen du. "63 emakume, 63 pertsona, 63 bizipen. Gogor bezain itxaropentsuak", azaldu du Letek.
Herriko bi emakume
Erakusketan bi bergarar eta hiru elgetar daude: Norberta Ezpeleta eta Concha Lazpiur bergararrak; eta, Antxoni Telleria, Felisa Garai eta Felisa Iturricastillo elgetarrak.
Julia Monjek azaldu du gerra eta injustizia jasan arren, emakumeek garai hartako "sare sozialak josi" zituztela. "Emakumeek isilean egin zuten lan eta ikusezin bihurtu ziren", gaineratu du. 1936tik 1976ra arteko tartea jasotzen du erakusketak, "epe bat jarri behar da eta", azaldu du Monjek.
Argazkiak, katalogoa eta bideoak
Hiru atal batzen du lanak: batetik, argazkiak egongo lirateke, testu txiki batekin; bestetik, emakumeen biografia guztia jasotzen duen katalogoa dago; eta, azkenik, 6 bat minutuko iraupena duten bideoak, emakumeen testigantzekin.
"Ausentziak"
Erakusketa dauden bi bergararren kasuan, Norberta Ezpeleta Leturia hilda dagoenez, haren omenezko argazkian liburu bat ageri da: "Zerbait sinbolikoa da. Ondarretako kartzelan egon zen, eta argazkia han aterata dago: Blasco Ibañezen liburua ageri da, Ezpeletak debekatutako liburuak irakurtzen zituelako", azaldu du Monjek.
Concha Lazpiur Eibarren bizi da gaur egun. Erakusketaren inauguraziora gonbidatu duten arren, Lazpiur ezin izango da Aroztegin egon.