Zorionak, Iker! Zelako lasterketa izan zen?
Gogorra, korrika asko egin beharrekoa eta bizikletan gutxi. Lokatz asko zegoen eta korrika egin behar zen, fisikoa zela esan daiteke.
Zenbat ziklista zineten hasiera puntuan?
Uste dut 88 ginela, 80tik gora behintzat bai. Ondo joan zitzaidan lasterketa eta gustura bukatu nuen.
Hasieratik jarri zinen lasterketa buruan?
Ez, nahiko atzean irten nintzen. Aurten ezin izan dut Espainiako kopako lasterketarik egin eta punturik gabe nengoenez atzean irten behar izan nuen. Erorialdia egon zen gero eta aurreratzeko denbora izan nuen orduan.
Zure fisikoak lagundu ei zizun…
Bai, atletismoan ibilitakoa naiz, eta korrika egitekoa zenez ondo etorri zitzaidan aurretik landuta izatea gorputza.
Espero zenuen hain ondo ibiltzerik?
Ez, ez.
Errepidean ere ibiltzen zara baina ziklo-krosean ondo moldatzen zarela erakutsi duzu, ala?
Aurten, ez dut denboraldi ona egin. Lesionatuta egon naiz eta lau edo bost lasterketa bakarrik bukatu ditut, baina Legazpikoa azkenekoa zenez ondo gertatuta joan nintzen eta ondo atera zitzaidan.
Ziklo-krosean ala errepidean, non gusturago?
Biak ditut gustuko. Iaz hasi nintzen ziklo-krosean eta gustura; errepidean, ostera, laugarren urtea egingo dut.
Kontuan hartzeko ziklista zarela erakutsi duzu, zer esan dizute egunotan?
Lagunen animo asko jaso ditut eta herrian jende askok zoriondu nau. Euskadiko selekzioko entrenatzailearekin ere egon nintzen eta esan zidan denboraldi ona ez dudanez egin ez zidatela deitu baina penatuta zeudela.