Errepideko denboraldia hasi baino lehen Lokatza Bolintxo okindegia taldeko hainbat txirrindulari ziklo-krosean dabiltza. "Iker Ugarte maila handiko ziklista da eta batean zein bestean moldatzen da ondo", adierazi du Lokatza elkarteko presidente den Jon Unamunok, eta gaineratu du: "Lokatz asko zegoen gaur Legazpin, hortaz, lasterketa fisikoa izan da batez ere. Eta Iker, duen fisikoak lagunduta, oso ondo moldatzen da halakoetan".
Lasterketa irabazi du Kantabriako selekzioko Alain Suarezek, hirugarrena izan da Madrilgo Daniel Criado eta laugarren postuan geratu da Euskadiko selekzioko Mikel Beraza. "Ez da gero ahuntzaren gauerdiko eztula Ikerrek lortu duena! Pozik egoteko moduan gaude", zioen Unamunok.