Hamabost ipuinekin osatu duzu liburua. Zelakoak dira?
Amatasunarekin lotutako gai asko daude: bikote harremanak; ama izateko desiraren edo ez izatearen arteko kontraesanak; familia ereduak, seme-alaba eta gurasoen arteko harremanak… Fikziozko kontakizunak dira: batzuk, errealista itxurakoak eta fantastikoak beste batzuk. Asmatutako egoera eta pertsonak dira, eta nola ez, irakurri, begiratu eta bizi dudanetik elikatu naiz. 162 orri ditu liburuak.
Zergatik amatasunari buruz?
Arduratzen nauten gaiei buruz idazten dut, ulertzen ez dudan edo errealitatean aldatu gura dudanaren gainean. Aurrez aipatu ditudan gai horiek guztiak, orokorrean, pertsona guztien gai zentralak dira. Era berean, emakume moduan, asko interesatzen zait topikoekin eta amatasunaren begirada idealizatuekin apurtzea, eta baita amatasunari buruzko beste kontakizun posible batzuk eskaintzea ere.
Bederatzi urtetan idatzitako lanen aukeraketa egin duzu. Zelakoa izan da horiek idazteko prozesua?
Samur esaten da, bai, bederatzi urte! Idazketa prozesu bat izan da eta orain dela bi urte pentsatu nuen, amatasunari buruzko hainbat idatzita nituela ikusita, liburu baten biltzea. Urteetan zehar ipuin ezberdinak idazten joan naiz eta sorta honetarako aproposak iruditzen zitzaizkidanak biltzen eta gordetzen joan naiz.
Zeini gomendatuko zenioke?
Helduentzako idatzita dago, narrazio motzak gustuko dituztenendako. Egia esan, ipuin horiek irakurtzeko interesa lotuago dago literatura sentikortasunarekin eta errealitatearekiko begirada batekin konektatzearekin, jorratzen duen gaiagatik baino. Jakitun naiz irakurketa aztoragarria eta kritikoa dela, probokatzeko eta estereotipoak apurtzeko; hori da, behintzat, nire asmoa.
Zelako harrera izan du orain artean?
Egia esan, ikaragarria! Bilboko Azkuna Zentroan aurkeztu nuen abenduan Jon Bilbao eta Vicente Huici idazleek lagunduta. 100 lagun izan ziren eta asko kanpoan geratu izan ziren edukiera kontuengatik. Jaso ditudan kritikak ere oso onak dira. Madrileko, Bartzelonako eta Donostiako aurkezpenak prestatzen ari gara orain; aukera sortuz gero, Bergaran ere pozik aurkeztuko nuke.
Non dago salgai?
Edozein liburu dendatan eta Amazonen aurkituko duzue.
Txikitako zaletasuna ogibide duzu orain, zelakoa izan da bidea?
Irakurtzen ikasi nuenetik, irakurle amorratua naiz. Denborarekin, idazteko gogoa heldu zen, nahiz eta ez duzun horren kontzientzia perspektiba batetik begiratu arte. Madriden sortu zuten Letren Eskolari buruz irakurri nuenean argi ikusi nuen hara joan nahi nuela baina institutuan nenbilen oraindik. Geroago, Soziologian lizentziatu eta askotariko idazketa tailerrak egin nituen, besteak beste, Buenos Airesen eta Turinen. Gaur egun Getxoko Kultur Aretoan eta Leioako Kultur Egoitzan idazketa tailerren irakasle naiz eta Bilboko Udalarekin eta Azkuna Zentroarekin kolaboratzen dut.
Izango da zuk sinatutako besterik?
Beti ari naiz zerbait idazten, zuzentzen, argitaratzea merezi duen esperoan. Hortaz, baietz espero dut! Interesatzen zaizkidan hainbat ipuin ditut eta aspalditik lantzen ari naizen eleberri bat ere bai.