Seminarixoa estreinatuko du Mikel Laskurain bergararrak 'Etxeko saltsak' antzezlanarekin

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko urt. 12a, 13:02

Argazkia: Txalo produkzioak.

Mikel Laskurain aktore bergararrak Seminarixoa areto berrian antzeztuko du bihar, zapatua. Bergararrak badu "gogoa" aretoa barrutik ezagutzeko eta herritarren aurrean antzezteko. 'Etxeko saltsak' emanaldia 19:00etan izango da, 8 euroren truke.

"Gabonetan herrian egon naizen arren oraindik ez naiz barrura sartu", azaldu du, "nahiz eta eliza horretan, nahikoa ibili izan nintzen gaztetan". Herrian kultur ekitaldietarako areto baten beharra zegoela azaldu du Laskurainek: "Oso pobre geunden, areto baten beharra zegoen".

"Bultzada kulturari"

Herriko erdigunean horrelako areto bat izateak "kulturari bultzada" emango diola gaineratu du Laskurainek. Horrez gain, dagoeneko egitarau zabala antolatu dutela nabarmendu du, eta orain herritarren erantzuna ikustea falta dela. Hori horrela, aste bukaeran aurkeztuko duten Etxeko saltsak ikustera joateko gonbita egin du antzezlaneko aktoreak. Emanaldia zapatuan izango da, 19:00etan, 8 euroren truke.

Umore ingelesa

Antzezlana endredozko komedia dela azaldu du Laskurainek. Umore ingelesa da antzezlanaren oinarria, eta horren inguruan, hainbat korapilo sortuko dira. "Ikusteko samurra den lana da. Ikusleek aktoreek eurek baino gehiago jakingo dute, eta barre asko egingo dute", azaldu du.

Antzezlana abuztuan estreinatu zuten Donostiako Principal aretoan, eta ordutik hara eta hona dabiltza lanarekin. 90 minutuko iraupena duen komedia da eta aktoreak dira: Aitziber Garmendia, Ane Gabarain, Mikel Laskurain eta Aitor Fernandino. Alan Ayckbourn antzerkigile eta zuzendari ingelesaren lana da Relativity speaking –jatorrizko izenburua–. Zuzendari lanetan Begoña Bilbao ibiliko da.

'Amorante'-ren musika

Gaur, barikua, beste ikuskizun batekin gozatzeko aukera egongo da Seminarixoan. Amorante bakarlaria –Ibon Urizar dago atzean– igoko da agertokira.
Gitarra, ukelelea, tronpeta, harmonia, zintzarria eta perkusioa joko ditu Urizarrek agertokian zuzenean. Horiekin batera, looper bat izango du eta soinu guztiak jaso eta nahastuko ditu gailu horrekin. Hainbat musikarien eragina du Amorante-k: Rodrigo Amorante brasildarra, Morante flamenko kantaria, Bixenta Mogel, Antonio Molina, Pepe Marchena...  
Emanaldia 20:00etan izango da, 8 euroren truke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak