Bergarako Harrotasuna taldearen aldarria, elkarte bihurtzeko bidean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko urt. 12a, 10:28

Iaz ekainaren 28an Bergaran egin zen bailara mailako manifestazioa, 'Transfobiarik ez' lelopean.

Bergarako Harrotasuna taldeko kideak Udaleko alderdi guztiekin batzartu ostean, elkarte moduan eratzeko helburua zehaztu dute 2018ra begira: "Herriaren babesa dugula badakigu, eta Bergara aske baten bidean lagun izan nahi duen edonork gure ateak zabalik izango ditu". 

"Ilusio handia dugu eta herriaren babesa dugula badakigu. Bergara aske baten bidean lagun izan nahi duen edonork ateak zabalik izango ditu". Harrotasuna taldeko Mireia Gallastegiren hitzak dira, 2018ra begira lanean dabiltza-eta buru-belarri. Izan ere, 2017aren amaieran Udaleko alderdi guztiekin elkartu ziren eta lehen hartu-eman hark "emaitza positiboak" eman ditu: "Elkarlanerako konpromisoa hartu genuen. Elkarte moduan inskribatzea proposatu ziguten, diru laguntzak jasotzeko eta bestelako erraztasun batzuk izateko. Alderdi guztien inplikaziorako gogoa sumatu genuen".

Hazia, Soraluzeko zebra-bidean

Harrotasuna taldea iaz sortu zen, 2016an Soraluzen ezagututako ekimen batetik: "Urte hartako Harrotasun Egunerako zebrabide bat margotu zuten han eta lagun artean komentatu genuen ideia ederra zela eta hori Bergarara eraman behar genuela hurrengo urtean". Iaz maiatzean elkartu ziren ortzadarraren koloreetako zebra-bidea errealitate bihurtzeko eta hortik etorri zen ekaineko ohiko osoko bilkuran aho batez onartutako mozioa paper hutsean ez geratzeko konpromisoa. Hainbat eskaera jasotzen ziren mozioan: Bergarako sarrera eta irteeretan Bergara herri ez homofoboa dioten seinaleak jartzea, kale bati Ekainak 28 izena jartzea, adierazpen ofizial baten Udala ez homofobo izendatzea, euren ekintzetan Udalaren laguntza izatea...

Elkargunea facebooken

2018rako lehen helburua elkarte moduan eratzea da. "Gehiturekin eta bailarako beste kolektibo batzuekin elkarlanean aritu nahi dugu, mahai-inguruak antolatzeko edota film laburren bat ekoizteko, adibidez", gaineratu dute. Ateak "erabat" zabalik dituzte: "Edozein iritziri, eskaerari edota ideiari zabalik gaude. Goazen denon artean herri aske bat sortzera!". Orrialdea dute Facebooken.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak