Noiz bihurtu zinen ume motxiladun?
25 bat urte pasatu arren, ez dut sekula ahaztuko. Lau urte pasa egon ginen guraso barik eta ia sei aita barik. Gogorra da horri buelta ematea. Egun batetik bestera, bat-batean, ahizpa eta biok guraso barik geratu ginen. Gertatu zenean, ez nuen ezer ulertzen; kezka eta beldur handia sentitu nituen, eta, era berean, babes handia izan genuen familiaren eta ingurukoen partetik. Zorionez, izeba eta osaba etorri ziren gurekin bizi izatera, eta familian sei izatera pasatu ginen.
Nolakoa zen zure egunerokoa?
Gogoan daukat egunerokoan ikaskideek gurasoen gainean galdetzen zidatela. Eta gogoratzen dut bereziki irakasle batek –ama irakaslea zen atxilotu zutenean– asko babestu ninduela. Eta oso gogoan ditut asteburuak: zure lagunek gozatuko duten asteburu hori –txokolate-janen batera edo parkera joatea, adibidez– alde batera utzi, eta bidaia luze baten sartu behar nuela. Asteburu osorako bidaia zen; izan ere, dispertsioaren ondorioz, zoritxarrez, Euskal Herrian oso preso gutxi zeuden orduan eta daude gaur egun. Joanekoan pozik joaten nintzen, eurekin egoteko gogo handia nuelako, eta urduri ere egoten nintzen.
Bueltatzerakoan, berriz, atea ixterakoan entzuten zen blan indartsu hori eta han geratzen zirela. Itzulera zen gogorrena; izan ere, 5 urterekin, ez nuen ulertzen zergatik utzi behar nituen han. Astelehenean berriro eskolara, sekulako nekearekin, eta egunerokora ohitu behar.
Zein maiztasunekin joaten zinen gurasoak bisitatzera?
Ama eta aita kartzelan genituenez eta, tamalez, espetxe berean ez zeudenez –ama Jaenen eta aita Algecirasen edo Caceresen–, hilean behin joaten ginen, gutxienez, eta, askotan, hilean birritan. Horrek guztiak sekulako eragina dauka ume batengan. Alde onen bat aipatzearren, nabarmenduko nuke Euskal Herrian familia bat garela eta babes hori beti sentitu izan dugula.
Nolakoak izaten ziren bisitak?
Normalean, 40 minutu egiten genituen kristal batetik, eta gero, bisean bisekoak izaten genituen. Gela oso txiki, gris eta hotz baten fisikoki ukitzeko aukera izaten genuen. Hain egonaldi polita izaten zen, gela haren hoztasuna ahaztu egiten nuen.
Nola eragin dizu zuri gerora?
Nire izaeran eragin du. Ohi baino lehenago ardurak hartzea, ahizpa gaztea babesteko beharra sentitzen nuen... Eta, gerora, enpatia izan dut halako egoera bat bizi izan dutenekin; kasu baten berri izaterakoan, tripek buelta ematen didate oraindik. Saiatu izan naiz bidegabekeria hori ahal izan dudan heinean salatzen... Ezin da ahaztu 110 umetik gora daudela egoera horretan; lehen bidegabea bazen, orain, egoera politikoa zein den ikusita, orduan eta bidegabeagoa.
Ohartzen zinen gertatzen zenaz?
Nekien bakarra zen nire ondoan ez zeudela. Maltzurkeriarik gabe, baina eskolan entzuten nuen gurasoak gaiztoak zirela espetxean zeudelako, eta zama hori gainean neraman. Gurasoak eurak eta izebak zein osabak saiatzen ziren euren modura egoera azaltzen, baina gogoratzen dudana da egun zehatz batzuetan bakarrik egon nintekeela gurasoekin. Horrez gain, asteroko telefono deia ere gogoratzen dut –grabatua zena, eta, beraz, baldintzatua–, asteko une bereziena zen. Eta gutunak elkartrukatzen nituela ere gogoan dut; horiek ere beste pertsona batek irakurri zitzakeen...