Angiolillo liburutegiko kideek honela deskribatu dute Alberdiren azken lana: "Nobela honetan, ardatza, protagonistarena egiten duen pertsonaiaren ibilbidea da. Izan ere, eleberrian zehar Nagore Vargas (Jenisjoplin, aitak deitzen dion bezala) izeneko pertsonaiaren bizitza kontatzen zaigu, lehenengo pertsonan azalduta. Istorioan berak foku moduan jokatzen du, bere inguruan gertatzen den guztia argitzen eta argi horren arabera azaltzen. 80ko hamarkadaren lehenengo urteetan jaiota, oso gaztedanik, nerabezarotik, bere bizitzaren lema eskuetan eduki nahi izan du. Nobelan azaltzen denez, hiru zutaberen gainean eraikitzen du bizitza: militantzia, sexua eta disidentzia. Euskal Herriko eskualde marjinatuan hazita, klase kontzientzia argia du lehenengo momentutik eta berak, baztertuen alderdian dagoelarik, mundua marjinalitate horretatik ikusten du. Sexua, bestalde, askatasunaren adierazpide moduan agertzen zaigu istorioan, sexuaren bidez bere nortasuna azpimarratu nahi baitu".
Helduendako laugarren lana
Uxue Alberdik helduentzat argitaratu duen laugarren lana da Jenis Joplin. Idatzitako bi ipuin bildumetan norberaren eta ingurunearen artekoez aritu zen, hainbat girotan kokatu zuen irakurlea, ezagunetik arroztu nahian. Ondutako bi nobeletan aldiz, ohiko lekuari kanpotik begiratu nahi izan dio memoria ariketa bat eginez beste begirada batez.