Atzean utzi berri dugun 2017an zehar Bergarako Udaleko Gizarte Zerbitzuak bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako pertsonekin eta 65 urtetik gorako pertsonek lagunduta bizi direnekin suteak ekiditeko programa garatu zuen. 2017ko udal erroldan, baldintza horiek betetzen zituzten 181 etxebizitza zeuden eta irailaren 18tik azaroaren 9ra etxebizitza horietako guztietako bizilagunekin harremanetan jarri ziren. Bi pertsona ordurako hilda zeuden, sei etxebizitzaz aldatuta, 21ek ez zuten zerbitzua nahi, bat zerrendan errepikatuta zegoen eta batek ez zituen baldintzak betetzen. Hala, 147 pertsonek –%81ak– onartu zuten parte hartzea eta zerbitzuaren onuradun bilakatu.
Udalak azaldu duenez, etxebizitzetan honako alorrak aztertu ziren: instalazio elektrikoa, gas isurketen inguruko aireztatzea, gas estufak, kanpaia, telebista, manta elektrikoa eta su hartu dezaketen likidoak.
Horiek guztiak ikuskatzeaz gain, pertsona hauei emergentzia egoeran egin beharreko azalpenak eta autobabeserako eskuliburua banatu zitzaien.
159 ke detektagailu berri
Interbentzioei dagokionez, 129 etxebizitzan ke detektagailu bana jarri da; hamar etxebizitzatan bina, hiru etxetan hiruna eta baserri batean bost. Hala, guztira, 159 ke detektagailu berri jarri dira.
Bestalde, 2014an udalerrian jarritako ke-detektagailu guztiak ere errebisatu dira. Hortaz, gaur egun guztira 573 etxebizitza dira zerbitzu honen erabiltzaile, eta 673 ke detektagailu daude martxan.
Pertsona nagusien behatokia
Suteak ekiditeko programan parte hartzea erabaki duten pertsonekin Pertsona Nagusien Udal Behatokiko Protokoloa ere landu da, 2014an jarri zena martxan. Helburua da herrian bizi diren pertsona nagusien egoera aztertu, Gizarte Zerbitzuen laguntza eskaini eta pertsona bakoitzari buruzko txostena osatuz, behar diren interbentzioak martxan jarri.
Suteak ekiditeko zerbitzuan parte hartzea erabaki duten pertsona nagusi guztiei galdetu zitzaien zer behar duten eta 117k –%79,5ak– erantzun zuten behar guztiak asebeteta dituztela.