Bergarako Arcelorreko enpresa batzordeko presidentea: "Sindikatuok gehiago espero genuen"

Goiatz Arana Begiristain 2017ko abe. 29a, 14:29

Bergarako Arcelor Mittaleko langileek zuzendaritzaren proposamenari argi berdea eman ostean, Goienak akordioari buruz galdetu dio Enpresa Batzordeko presidente Luis Alberto Elortzari. Balorazio gazi-gozoa egin du: gehiago espero zutela aitortu du, baina langileak urduritzen hasiak zeudela eta euren eskuetan utzi dutela erabakia.

Abenduaren 18rako erreferenduma deitu eta 140 langile ingurutik 96k parte hartu zuten: 90ek alde bozkatu zuten, bostek kontra eta batek zuri.

Zuzendaritzak urtarrilean bertan hasi gura du langileak erretiratu eta kaleratzen -33 erretiro aurreratu eta zortzi borondatezko kaleratze gauzatuko dituzte; hiru hilabetean, asko jota, bukatuta izatea da asmoa; eta prozesua behar moduan doala ziurtatzeko jarraipen batzordea osatu dute enpresako eta sindikatuetako ordezkariek. Printzipioz, bukatu dira mobilizazioak.

LAB izan da ezkorren azaldu den sindikatua; lau ordezkari ditu enpresa batzordean, beste lau ELAk eta bat CCOOk.

Etorkizunerako gakoak

Puntu honetara ailegatuta, Luis  Alberto Elortza presidenteak Goienari adierazi dio Bergarako langile kopurua 108tik behera ez jaistea dela orain euren eskakizun nagusia eta zuzendaritzak bere konpromisoa azaldu duela hori horrela izan dadin. Ekoizpen kostuetan dago bigarren gakoa: altzairutegia itxi zutenetik ezin dituzte totxoak Bergaran bertan ekoiztu, kanpotik ekarri behar izaten dituzte eta horrek produktuaren garestitzea dakar. Arcelor Mittalek Olaberriako lantegian egin asmo dituen inbertsioen ondorioz, baina, handik ekarri ahal izango dituzte totxoak Bergarara eta hortik ikusten du etorkizuna Enpresa Batzordeko presidenteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak