33 erretiro aurreratu eta zortzi borondatezko kaleratze gauzatzeko akordioa lortu dute Bergarako Arcelorren

Mireia Bikuña 2017ko abe. 28a, 16:30

Arcelor Mittalen webgunean publikatutako prentsa oharrak dioenez, atzo, abenduak 27, sinatu zuten akordioa kaleratze kolektiborako negoziazio mahaiak eta enpresako arduradunek.  Borondatezko kaleratze prozesuan parte hartu gura duten langileek urtarrilaren 20ra arteko epea dute izena emateko.

Bi puntu nagusi aurreikusten ditu atzo sinatutako akordioak. Alde batetik, 1956 eta 1959 urteen artean jaiotako 33 langileren erretiro aurreratua; eta, beste alde batetik, zortzi kaleratze.

Prentsa oharrak dio baita ere, erretiro aurreratua izango duten langileek, langileriaren ordainsari garbiaren %85 bermatuta izango dute, behin betiko erretiroa hartzeko urtebete falta den arte. Gizarte-segurantza ere kotizatuko dute.

Bestalde, borondatezko kaleratzea eskatzen duten langileei dagokien kalteordaina ordainduko dietela ere jasotzen du prentsa oharrak. Interesatuek urtarrilaren 20ra arteko epea dute izena emateko. Ostean, enpresako arduradunek baloratu eta zehaztuko dituzte zeintzuk diren borondatezko zortzi kaleratuak.

Erreferendum bidez

Enpresako Batzordearen proposamena erreferendum bidez onartu zen abenduaren 18an. Batzarrean egon ziren 96 langileetatik, 90ek baiezkoa eman zuten, bostek ezezkoa eta batek zuri bozkatu zuen.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak