Bi urtean behin egiten diren euskararen kaleko erabileraren neurketak aintzat hartuta, Euskal Herrian, orokorrean, alde handia dago euskararen ezagutzaren eta erabilera mailaren artean. Bergaran, azken datuen arabera, %76 da ezagutza maila eta %42,5 erabilera. Domekan ospatuko den Euskararen Egunaren harira, oraindik lan handia dagoela erakusten dute datuok: "Udalak, Jardunek eta bestelako eragile eta herritarrek, guztiok, izango dugu protagonismoa".
Jaurlaritzak eta Topaguneak 2018ra begira antolatutako 11 egun euskaraz ekimena izan zuten hizpide, besteak beste, Udalak eta Jardunek eguaztenean egindako agerraldian. "Gonbidapena egiten dizuegu eragile eta herritar guztioi ekimen honetan parte hartzeko", esan zuten. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean hamaika eguneko ekintzak gauzatzea proposatzen da: "Herritarrona, erakundeena… bergararrona da orain erronka. Gai izango gara 2018an Bergaran ahalik eta jende gehien 11 egunez euskaraz aritzeko? Guk baietz uste dugu!".
Ekimenaren aurkezpena Euskararen Egunean
Bergarako hizkuntza ohiturak aldatzea, egunerokotasunean dauden gaztelaniarako ohituretatik irten eta euskararen erabilera handitzea izango dira ekimen zehatz horren helburuak. Hain justu, ekimen hori bera aurrez aurre aurkezteko eta atxikimenduak batzen hasteko bi ekitaldi antolatu dituzte asteon. Lehena gaur egingo dute, pintxo-tertulia Irizar jauregian. Ekintzaren helburuetako bat da gizartearen aktibazioa nola egingo den zehazteko arlo ezberdinetan garatuko diren dinamikak adostea: hezkuntzan, kirolean, kulturan, lanean...
Horrez gain, etzi, abenduak 3, ekimenaren jendaurreko aurkezpen-ekitaldia egingo dute Irala kalean. 12:00etan, umeendako jolasak izango dira; 12:30ean, ekimena azalduko dute ekimen horretako rolei buruzko esketxekin –euskaraz hitz egiteko gaitasuna duen AhoBizi eta akaso hitz egin ez baina euskaraz ulertzen duen BelarriPrest–, ekitaldi sinboliko batekin eta salda eta txorizoarekin, herritarrekin partekatuko dira asmoak eta erronka zehatza. "Ordu erdiko ekitaldi xume eta parte-hartzailea izango da. Etor zaitezte, herritar guztiei irekita dago; eguraldi txarra badago, karpa izango dugu prest!", aurreratu dute.
Xabalote gaztelekuan ere bai
Amaitzeko, belaunaldi berrien artean euskararen erabilera handitzeko asmoz, argazki lehiaketa antolatu dute Xabalote gaztelekuan. Zer da zuretako euskeria? galderari erantzuten dion argazki bat atera, eta argazki hori Instagramera igo behar da esaldi batekin eta #XabaloteEuskaraz traola erabilita. Domekan banatuko dizkiete sariak lehiaketako parte hartzaile guztiei.