Urrats irmoak indarkeria matxista bako herrirantz

Jokin Bereziartua 2017ko aza. 24a, 12:58

Asteleheneko irakurketa for feminista, gaztetxean: 'Una entre muchas'

Berdintasun teknikaria berehala kontratatzeko eta Gizarte Zerbitzuen laguntza osatzeko konpromisoa hartu du Udalak, herritarrei kasuak salatzeko eskatzeaz gainera; biharko, elkarretaratzea (12:00) eta akelarre feminista antolatu dituzte, San Martin plazan (20:00).

Martitzenean egindako prentsa agerraldian ezagutzera emandako datuen arabera, urtea hasi zenetik Udaleko Gizarte Zerbitzuetan emakumeen kontrako hamahiru kasu artatu dituzte, eta, ildo horretatik, garbi utzi nahi izan dute sail horretara laguntza eske jotzeko ez dela beharrezkoa salaketa jarri izana eta balitekeela Ertzaintzan eta epaitegietan beste kasu batzuen berri izatea. "Errealitate zati bati dagozkion datuak dira guk esku artean ditugunak", azaldu dute. 2015ean, zortzi izan ziren artatutako kasuak; eta 2016an, berriz, hamasei kasu.

Adina, "deigarriena"

2017ko datuetara etorrita, erasoak jasandako guztiak emakumezkoak dira, %54 erkidegokoak edo Espainiakoak eta%46 beste herrialde batzuetakoak. Euren adina da, ordea, udal ordezkarien arabera, "daturik deigarriena", 18 eta 30 urte bitarteko adin tartean dago-eta kopuru handiena: %32. 41-50 adin tartea dago ondoren (%23). Indarkeria motari dagokionez, gehiengo zabalak (%77) eraso fisikoa eta psikologikoa, biak, jasan ditu; %15ek eraso sexualak jasan dituzte; eta %8k tratu txar psikologikoa jaso dute. Erasotzailea bikotekidea edo bikotekide ohia da hamar kasutatik zazpitan, eta, jatorriari dagokionez, %54 erkidegokoak edo Espainiakoak dira.

Herritarren konpromiso bila

Gizarte Zerbitzuek laguntza psikologikoa, ostatua, aholkularitza juridikoa, diru laguntzak... eskaintzen dizkiete erasoa jasan dutenei, beharraren arabera; haurrak dituzten kasuan, horien babeserako laguntza ere eskaintzen zaie; kanpotarrei, dokumentazioa erregulatzeko orientazioa. Gainera, indarkeria matxistari aurre egiteko herritarren konpromisoa eskatu dute eta salatzera animatzeko dei egin diete, erasoa jasan dutenei ez ezik, kasuren baten ezagutza izan dezakeen edonori. Bi telefono zenbaki ipini dituzte herritarren eskura: 900 840 111 eta 112.

Berdintasun teknikaria, berehala

Berdintasun zinegotzi Maite Agirrek dio Bergarako Udala "irmo" ari dela lanean indarkeria matxistatik libre egongo den gizarte baten alde, elkarbizitza eta berdintasuna ardatz hartuta: "Udalak ezinbestekotzat du biktimen eta haien albokoei laguntza-zerbitzua ematearekin bat, prebentzioa, detekzioa, arreta, babesa, koordinazioa, justizia eta erreparazioa bermatzea". Hain justu, azaroaren 15eko osoko bilkuran aho batez onartu zuen udalbatzak Bergara biolentzia matxistaz libre aitortzea, udalbatzak indarkeria matxistaren kontrako konpromiso guztiak gauzatzeko plangintza garatzea eta Berdintasun teknikaria berehala kontratatzeko prozesua martxan jartzea. Horrez gain, asteon ohar bidez aditzera eman duenez, Bergarako Irabazik uste du ahotsa eta protagonismoa indarkeria matxista jasan dutenei eta horien elkargune diren elkarteei eman behar zaiela, erreparazio-bideak proposatzeko duten zilegitasuna aitortzeko. Erakundeen aldetik "benetako konpromisoa" ere eskatu du koalizioak.

"Borroka eta saretze feminista"

Martxanterak talde feministak hainbat ekintza antolatu ditu egunotan, aldarrikapenerako eta kontzientziak pizteko. Irakurketa foro feminista izan zuten gaztetxean –argazkian– astelehenean, Una entre muchas komikiaren bueltan. Eguaztenean, berriz, Sorgin ehiza eta indarkeria matxistari aurre egiten izeneko hitzaldia izan zuten, Barakaldoko Argitan elkarte feministaren eskutik. Indarkeria matxistari aurre egiteko esperientziak eta estrategia zehatzak izan zituzten berbagai, besteak beste: "Sanferminetan eta Hollywooden ez ezik, Bergaran ere gertatzen delako. Indarkeria matxistaren aurrean, borroka, elkartasuna eta saretze feminista!". Eta biharko, azaroak 25, akelarre feminista antolatu dute: "Ekintza herrikoia da. Emakumeon gorputzen gainean erabakitzeko, gure bizitzen alde, erasoen aurrean erantzun kolektibo bat emateko, mugak zabaltzearen alde, instituzioei ardura eskatzeko... Finean, gure aldarrikapenak kalera ateratzeko, ekimen bat abiatuko dugu suaren bueltan", aurreratu dute. Era berean, Udalak deituta, elkarretaratzea egingo dute bihar San Martin plazan, 12:00etan.

Egitaraua

Azaroak 24, egubakoitza
20:00etan Zabalotegin. Koaderno zuria. Helduei zuzendutako obra, Hika Teatroa taldearen eskutik. Antolatzailea: Udala.

Azaroak 25, zapatua
12:00etan Elkarretaratzea San Martin plazan. Antolatzailea: Udala. • 20:00 Akelarre feminista San Martin plazan: Antolatzailea: Martxanterak.

Azaroak 29, eguaztena
20:00etan Todos están muertos filma Zabalotegin. Antolatzailea: Udala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak