Profesionaletako lehen urtea egin duzu AEBetako Aevolo taldean. Zer moduz joan da denboraldia?
Profesionaletan lehen urtea zela aintzat hartuta eta beti zer hobetu dagoela jakinda, urte ona izan da. Egin ditudan mendiko etapetan lehen hamabosten artean amaitu dut, eta hori garrantzitsua da. Nire buruari erakutsi diot etorkizunean goi mailan lehiatzeko moduan egon naitekeela. Bi edo hiru etapatan lehen bost edo seiren artean egoteko aukera izan dut, baina, arrazoi ezberdinengatik, autotik geratu egin ninduten. Autotik esandakoa bete behar izan dut, eta orain, neurri batean, pena pixka bat badaukat zenbaki esanguratsuagoak lortu ez izanagatik.
Ziklista moduan hazten jarraitzeko denboraldia izan da, hortaz.
Profesional mailako lehen urtean 30 bat lasterketa egin ditut, eta, esandako moduan, mendiko etapetan lehen hamabosten artean egotea lortu dut eta karrera batzuetan lehen seien artean egoteko gai izan naiz. Gauzak ondo egin izanaren sentsazioa daukat.
Zapore gazirik eragin dizu ezerk?
Aevolorena proiektu berria da; horregatik, gonbidapena jasota genuen lasterketa batzuetan kendu egin digute, azken orduan. Niretzat egokienak zirenak, gainera. Izan ere, egin ditudan 30 lasterketetatik zortzi edo bederatzi ziren mendia zutenak. Gainerakoak esprintean amaitzekoak edo zirkuitu baten bueltakoak izan dira. Hala ere, taldea oso pozik geratu da niretzat ez ziren lasterketetan ere eman dudan mailarekin; hainbat aldiz jarri naute esprint bideratzaile.
Erronka profesional handia izan da? Eta maila pertsonalean?
Zalantza barik. Euskal Herrian beste txirrindularitza mota bat ikustera nengoen ohituta. Hemen aldapak eta portuak dira nagusi, baina han sekulako garrantzia ematen diete esprintei eta erlojupekoei. Asko ikasi dut profesionalki, baina baita pertsonalki ere. Hango bizimodura eta egunerokora egokitzea ez da uste daitekeen bezain erraza. Askotan kexatzen gara hemen daukagunaz, baina han zaudenean konturatzen zara nolako zortea dugun etxean.
Zergatik ez duzu taldean segituko?
Aevolo formakuntzara bideratutako taldea, 23 urtetik beherako ziklistendako egina, eta nik dagoeneko 23 urte dauzkat. Baina pozik daude erakutsi dudan mailarekin eta niretzat taldea bilatzen dabiltza AEBetan. Baina han ere gauzak zail daude; izan ere, hiru talde profesional desagertu egingo dira eta AEBetako ziklistek lehentasuna izango dute atzerritarron aurrean. Esan didate oso zaila izango dela, baina esperantzarik ez galtzeko.
Eta Euskal Herrian? Ez duzu etorkizunerako aukerarik ikusten?
Oso-oso zaila izango da. Amorrua eta frustrazioa eragiten ditu Euskal Herrian proiektu serioak sortu eta norberarekin ez kontatu izanak. Kanpora joan, han formatu, maila ona eman... Baina etxean deirik ez. Aevoloko zuzendariak, AEBetako selekzioko hautagaia denak eta Garmin taldeko zuzendari izandakoak, dio ez duela ulertzen nola ez dudan eskaintzarik jasotzen hemen. Esan dit prest dagoela hemengo zuzendariekin berba egiteko eta nire denboraldiaren inguruan hitz egiteko.
Euskadi-Basque Country Murias taldearen deia espero zenuen?
Bai. Jon Odriozola oñatiarra da eta badaki non egon naizen. Euskal Herriko txirrindularitza aurrera atera behar dugula ari gara saltzen, baina gero, euskaldunak diren ziklistek ez dute lehentasunik. Nik 23 urte dauzkat, gaztea naiz oraindik, uste dut AEBetan nire maila erakutsi dudala –eta hor daude zenbakiak–... Beste egoera batean izan balitz ulertuko nuen, baina horrela zaila egiten zait ulertzea. Pena ematen dit, egia esan. Hala ere, nire eskuetan dagoen guztia egingo dut, ez dadin amaiera izan. Ez dut imajinatu nahi bizikleta utzi behar izatea; urte asko izango ziren, eta profesionaletara heltzea asko kostatzen da. Oso kolpe gogorra litzateke. Oso sentsazio arraroa da, zaila deskribatzen. Denborak aurrera egin ahala ixten doaz aukerak eta egoera zaila da eramateko.
Uste duzu goi mailan ibili zarela?
AEBetan hala esan didate. Hango jendea nigatik ari da mugitzen, hori esanguratsua da. Errazena litzateke nigatik ezer ez ematea, baina ez da horrela. Eta izango balitz urruneko euskal talde bat dela... Baina gertu oso gaude, Odriozolak berak errepidean ikus nazake entrenatzen.