Udal Musika banda, Kataluniako independentzia aldarrikapena eta indarkeria matxistaren aurkako eguna izan ziren hizpide eguazten iluntzean egindako ezohiko osoko bilkuran.
Bergarako Musika Banda
150 urte beteko dituen musika bandarekin hitzarmen "garrantzitsu bat" sinatzea onartu zuen udalbatzak, aho batez. Urte eta erdirako akordioari esker musika banda elkarte izatera pasatuko da, Bergarako Musika Banda izenarekin. Izena berria izan arren, izaera mantendu gura dute. Gainera, bandaren eta Udalaren arteko harremanak legearen eskakizunetara egokitzeaz gain, bi aldeendako onuragarria izango dela dio Elena Lete alkateak: "Musikari guztiak babestea eta bi aldeak gustura geratzea zen helburua eta hitzarmen honekin hori lortu dugu. Egoera aldatuko da, baina ez bandaren betiko izaera". EH Bilduko Agurne Barrusok deritzo egungo gobernuarekin ez dela arazorik egongo bandaren "betiko izaera" hori mantentzeko, baina komeni dela urte eta erdi barru sinatuko den hitzarmen berrian hori ahalik eta ondoen zehaztea: "Pena handia litzateke Bergarako bandak bere izaera galduko balu". Hitzarmenak jasotzen du, besteak beste, urteko diru-laguntza izatea 53.620 eurokoa. Laguntza hori 70 musikariz osatutako bandari dagokio; kide gutxiago balira, diru laguntza proportzioan murriztuko da.
Ikuspuntu ezberdinak Kataluniaz
Bilkuran eztabaida gehien eragin zuen puntua izan zen Irabazik Kataluniako egoeraren harira aurkeztutako adierazpen instituzionala. Irabaziren eta EH Bilduren artean piztu zen eztabaida; Irabazik, PPren gobernuaren "salbuespen politikak" salatzearekin batera, ez du begi onez ikusten Kataluniako Parlamentuaren aldebakarreko independentzia-adierazpena. Irabazik uste du urriaren 1eko erreferendumak ez zuela bermerik eskaini: "Egoera behartu egin da; ikusita Madrilek 155. artikulua aplikatuko zuela, gu atzerapauso bat ematearen eta hausnarketa bat planteatzearen aldekoak ginen. Uste dugu erreferendum adostu bat posible dela oraindik".
EH Bilduk gogor kritikatu zuen Irabazik maila berean jarri izana Espainiako eta Kataluniako gobernua: "Bataren zein bestearen jardunak ez dute zerikusirik. Katalunian, modu baketsuan euren herritarren agindua betetzen saiatu dira; bestetik, Espainiaren erantzun bakarra izan dira errepresioa eta judizializazioa. Ekidistantzia horrek mindu egin gaitu eta, bestalde, planteatzea Madrilgo gobernuarekin elkarrizketaren bidetik erabakitzeko eskubidea aitortu eta erreferendum adostu bat egiteko saiakera berri bat eskatzea ez zaigu serioa iruditzen. Estatu espainiarrarekin ezin da erreferendumik adostu, ezinezkoa da".
Gainera, gai horren inguruan EAJk irakurketa bera egitea "poztekoa eta oso garrantzitsua" dela dio Barrusok. Irabaziren proposamenak ez zuen aurrera egin, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten-eta. Izan ere, Kataluniako autonomiaren suspentsioa gaitzesteko EH Bilduk aurkeztutako mozioak eta EAJk zein EH Bilduk adostutako Kataluniako errepublika aitortzeko adierazpenak onartu egin ziren; EAJk eta EH Bilduk alde bozkatu zuten, alderdi sozialistak kontra eta Irabazi abstenitu egin zen.
Berdintasun teknikariaren isla
Udalbatzak aho batez onartu zuen azaroaren 25aren bueltako adierazpen instituzionala: "Udaletxean lehen aldiz berdintasun teknikari bat jarriko dugu eta haren jardunak isla izango du herrian", dio alkateak. Gainera, berdintasun mahai bat sortzear dagoela ere aurreratu zuen.