Arriskatu egin dute Alizia musikala. Herrialde miresgarrian badago wifia! musikalean. Gauza asko sartu nahi izan dituzte..., izenburu luzeari dagokion bezala. Arriskatu egin dute musikalean ardura nagusia dutenek, Valen Moñuxek eta Oihan Vegak. Hasiberriak ez direlako. Eskarmentua dutelako eta erreferente direlako, bereziki, txikienentzako euskarazko musikal ospetsuen moldaketetan -Peter Pan, Oliver, Seussen mundua…- edota musikalen sorkuntzan -Olentzero & Co!-. Musikal arrakastatsuak denak ere.
Aurrerapausoa
Erosotasuna hautsi eta beste urrats bat egin dute. Aurrerapausoa. Eta emaitza, gorabeheratsua izanda ere, ederra da. Originala. Bergaran ikus-entzuleak zorrotzak direla eta edozerekin konformatzen ez direla zioen ostiralean Goienan, Marije Ugalde Bergarako Musika Eskolako zuzendariak. Orain arte ikusi bakoa eskaini nahi izan diote herriari eta herriak erantzun du; txaloz erantzun ere.
Komunikazio teknologien eta bideoaren -bereziki bideo animazioaren- erabilera gailentzen da Alizia musikalean. Akaso, jatorrizko partiturak ez duelako aurreko musikaletakoen adina xarma. Eta maisuki darabilte baliabide teknologikoak, proposamen originalari balio erantsia emanez.
Mundu errealaren eta birtualaren arteko interakzioa da musikalaren oinarria. Akaso, magia eta fantasia direlako Alice… klasikoaren funtsa. Hasierako ataletik antzematen da hori. Eskuko telefonoen, bideo animazioaren eta ikus-entzunezko pantaila handiaren bidez. Bergarako Musika Eskolaren muntaiaren berezitasuna da azken belaunaldiko gailu teknologikoen erabilera, gaztetxo eta nerabeen artean ohikoa den bullyng-aren gainean aritzeko, esaterako.
Pikatxu eta Doraemon
Azken belaunaldiko adimendun telefono berri-berriaren ordez, patatofonoa erabiltzearren, lagunek baztertuta uzten duten Ainhoa -edo Ainokia- nerabearen jokoa da argumentuaren oinarria, jokoan murgilduta, Aliziaren abenturak kontatzen zaizkigularik, herrialde miresgarrian barrena. Horretarako baliatuz bideo-jokoez eta hauetako Bros anai mitikoez, edota marrazki bizidunetako hainbat pertsonaia ospetsu eta maitatuz -Pikatxu eta Doraemon kasu-, ikus-entzule txikienen gozamenerako.
Originala da apustua… eta arriskutsua. Apustutik onik ateratzen dira, ikuskizunaren lehen zatia astun eta nahasgarri samarra izan arren. Kontakizuna -teknologikoa- musikaren gainetik. Bigarren zatian hartzen dute protagonismo handiagoa musikak eta abestiek, arinagoa da orduan kontakizuna eta gozagarriagoa ikuskizuna, benetako attrezzoko elementu gehiagoz apainduta…, eta indartsu amaitzen du, Izan lagun politarekin.
Musikari eta bakarlariek goi mailako lana egiten dute, beti bezala, interpretazioan eta abestietan. Dekoratuak zoragarriak dira. Baliabide teknikoak -prestakizunetan lanordu asko eskatzen dutenak- maisuki erabiliak... Eta umoreak, oraingoan ere, badauka tokia, Bros anaien, Beldar Jaunaren, Kapelagilearen eta Martxoko Erbiaren… edota Bihotzen Erregin-Erregearen artekoetan eta amaiera aldeko epaiketan -Errege ipotxaren karakterizazioa geniala da-. Bihotza ere ukitzen digu antzezlanak, nola Ainhoaren lagun eta gelakideen arteko kontuetan hala Ainhoaren eta amaren…, eta aitaren artekoetan. Dantzariek eta alde teknikoaz arduratzen direnak ere lan ederra egiten dute.
Lewis Carroll-ek duela 150 urte baino gehiago idatzitako fantasiazko eleberri klasiko eta ospetsuan oinarritutako musikala da euskarazko Alizia. Bergarako Musika Eskolak gaurkotua eta berrituta. Broodway-n hasi eta gaur egun munduko antzoki ospetsuenetan antzezten den musikala da Alice in Wonderland; oraintsu, aurtengo urrian, Bartzelonan, esaterako. Euskarazkoa ere heldu da antzokietara, nola ez, Bergarako Musika Eskolaren bidez. Izan dezala ibilbide luzea, Euskal Herriko beste antzoki batzuetan. Merezi du. Oraingoz, Bergaran ikusteko aukera dago gaur bertan; Udal Pilotalekuan, 18:30ean.