Ainitze Blancok, Laneki elkarteko presidenteak, eta Imanol Urrestik, Armeria Eskolako zuzendariak eman zioten eskertza eta oroigarria Elkorori zera esanaz: "Elay enpresan Jose Luis Elkorok eta bere lankideek, lanean euskaraz aritzeko egindako bideagatik. Bide hori eredugarria izan dugu, Euskal Herriko enpresek eta Lanbide Heziketa ikastetxeek, Hizkuntza kudeaketa arloan. Horregatik, egin duen bideagatik eta eman digun argiagatik eskertu eta aitortu nahi dugu".
Euskara kudeaketaren gaineko hausnarketa
Lanbide Heziketan eta lan munduan euskararen kudeaketaren gainean hausnartzeko egindako Hizkelan jardunaldien baitan jaso zuen eskertza hori Elkorok. Jardunaldi horietan enpresetako, Lanbide Heziketatako, elkarteetako eta erakundeetako 80 ordezkari inguru elkartu ziren eta bederatzi ponentzia jarri zituzten mahai gainean. Nola sustatu euskara lantegietan, Lanbide Heziketan eta kalean izan zen gogoetarako gai eta landutakoen artean izan ziren besteak beste, ikus-entzunezko euskarazkko produkzioa, B eredutik D eredura pasatzeko zubiak, euskarazko baliabideak eta Lanenpres gida. Azken horren gainean hain zuzen, Laneki elkarteko Kepa Altube arrasatearrek eman zituen hainbat argibide.
Gonbidatuak
Euskararen arloan egindakoen berri eman zieten luxuzko gonbidatuak izan zituzten lagun gainera, hala nola, Elayko Anaje Narbaiza eta Easko politeknikoko Migel Angel Elkoroberezibar eta Handia eta Loreak filmeetako zuzendaritza taldeko Joxe Mari Goenaga. Zer egin duten orain arte, zer egin nahi duten eta inguruan eragiteko zer ikusten duten beharrezkoa jakinarazi zieten horiek.