Marije Ugalde: "Bergarako ikusleak oso zorrotzak izaten dira"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2017ko aza. 10a, 08:00

Marije Ugalde entsegu baten aurretik.

Iritsi da eguna. Bergarako Musika Eskolako haurrak irrikaz daude Aliziaren mundu miresgarria jendeari erakusteko. Bi emanaldi egingo dituzte, bihar eta etzi, 18:30ean, Udal Pilotalekuan. Horrez gain, Bergara herri miresgarri bihurtuko dute aste bukaeran; jendea animatu nahi dute Bergara bisitatu eta herriaz gozatzera. Parte-hartzaileek bizi duten "urduritasun" eta "ilusioaren" gainean berba egin du Marije Ugaldek.

Baduzue azken orduko urduritasunik?

Bai, beti izaten da urduritasuna azken unean, estreinaldiaren aurretik. Musikala oso ondo landu dugu, guztia prest dugu... baina momentura arte ez da jakiten nola joango den dena.

Hainbat urtetako lana dago proiektuaren atzean.

Bi urte eta erdiko lana dauka proiektuak. Lehenengo, ze musikal egin aukeratu behar da; izan ere, gaur egun profesionalek egiten dituzten musikalak ezin ditugu egin, eskubide kontuengatik. Horregatik, lista bat egin behar da ze musikal egin daitezkeen jakiteko. Ondoren, lista horretatik guretako egokiena zen den ikusi behar da; izan ere, musika eskola bat garela kontuan hartuta, umeen presentzia bermatu behar dugu. Protagonistak eurak dira, nahiz eta helduek ere parte hartu. Musikaleko eskubideak negoziatu ondoren, betiko istorioak ez gintuen konbentzitzen. Hilabete batzuk noraezean ibili ondoren, Valen Moñuxek eta Oihan Vegak gidoi osoa moldatu zuten. Gaurkotu egin dute: bullying-a, Internetek familiengan duen eragina, egungo teknologiak... landuko ditugu. Gainera, Jose Migel Laskurainek musika orkestrara moldatu du. Instrumentu gutxirendako eginda zegoen eta Laskurainek 22 instrumentutara egokitu du.

Broadway estiloa izango du?

Bai; musika, ahotsa, dantza... dena zuzenean izango da. 1994an egin genuen lehenengo musikala, eta inpaktu handia izan zuen herrian eta inguruan. Guretzako, erronka handia izan zen, eta bide beretik jarraitzen dugu. Musika eskolak eskaintzen dituen arlo guztiak landu nahi ditugu: kantua, musika eta dantza. Hala, June Nogueiras ikasle ohiak egin ditu musikaleko koreografiak. Esan daiteke Bergarako Musika Eskola erreferente dela musikalak egiten, eta musikal horiek erakusten dute musika eskola bat zer izan behar den.

Alizia musikala egiterakoan, zer izan da zailena?

Musikal asko egin ditugu eta denek dute lana. Oraingo honetan, gauza berriak sartzea izan da zailena. Animazioa, teknologia berriak... hori izan da benetako erronka. Ordu asko sartu ditugu teknologiari lotutako lan horiek egiten, eta emaitza zapatuan eta domekan ikusiko dugu. Gainera, kontuan hartu behar da musikalean parte hartzen duten umeak beti direla berriak; eta horrek ere bere zailtasuna dauka. Helduen kasuan, ezberdina da: errepikatu egiten dugu eta esan daiteke nolabaiteko esperientzia dugula.

Bergarako Musika Eskolak egindako lanek arrakasta handia izaten dute. Erantzukizun handia da hori estreinaldi baten aurrean?

Bai, erantzukizun handia da. Hainbeste lan egin ondoren ez da jakiten zuzenekoa zela irtengo den. Horren beldurra badugu; izan ere, Alizia musikalean teknologiaren presentzia handia da, eta horiek edozein momentuan huts egin dezakete.

Oraindik lana estreinatu barik egon arren, baduzue kanpora joateko gonbidapenik?

Bai; Beasainera joango gara azaroaren 25ean, Usurbe antzokira. Musikalaren bi bertsio egin ditugu: bata, areto handietarako, eta bestea, txikietarako. Bergaran bertsio handia erakutsiko dugu, baina Beasainera txikia eramango dugu. Orkestra txikiagoa izango da eta hainbat elementu ez ditugu eramango. Horrez gain, uste dugu aste bukaerako emanaldietan egongo direla beste areto batzuetako arduradunak, eta, behin estreinatu ondoren, beste areto batzuei saltzea posible izango da. Normalean, horrela egin izan dugu.

Bergarak badu musika zaletasuna eta musikarekin lotutako tradizioa. Zerbait antolatzeko orduan, erronka da hori?

Bergaran ezin da edozer gauza egin, jendea oso zorrotza da. Zerbait handia espero dute eta ezin ditugu lan sinpleak egin. Oraingoan, esan dezakedana da guk produktu ona egin dugula; baina ikusleek zer esango duten ez dakigu.

Aste bukaera osoko egitaraua prestatu duzue, gainera. Bergara herri miresgarri bihurtu nahi duzue, Bergarak duen historia eta zientziarekiko lotura uztartuta.

Bai, musika, historia, zientzia... herriaren identitate seinale dira. Gure asmoa izan da jendeak egun osoa pasa dezala herrian. Hau da, ez daitezela musikala ikustera bakarrik etorri. Ondo pasatu, disfrutatu, herria ezagutu... hori guztia egin dezakete kanpotik datozenek, baita bergararrek ere. Horretarako, Bedelkarren, Xake taldearen eta Udalaren laguntza izan dugu. 11:30etik 13:30era izango dira ekintzak.

Sarrerarik badago oraindik?

Bai, badaude sarrera batzuk oraindik. www.ticket.kutxabak. es. atarian eros daitezke, eta musikala hasi aurretik leihatilan sarrerak erosteko aukera ere egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak