Ospakizunetarako eta aldarrikapenetarako eguna

Txomin Madina Milikua 2017ko aza. 4a, 23:23

80 urtean lehen aldiz herrian euskal preso eta iheslaririk ez dagoela ospatzeko Bergaran 80 urte eta gero 0 ohe huts jaia egin dute gaur egun guztian zehar. Iluntzeko ekitaldian, egun kartzeletan dauden 312 euskal presoak askatzeko lanean jarraitu beharra aldarrikatu dute.

Eguerdian Oihana Bartra eta Ane Labaka bertsolariek Pol-Pol tabernako balkoitik egin duten saioarekin eman diote hasiera gaur Bergaran 80 urte eta gero 0 ohe huts jaiari, eta bertsoaldiaren ostean, triki-poteoa egin dute herriko kaleetan. Ondoren, 400 pertsona inguru elkartu dira Udal Pilotalekuan egin duten bazkarian, eta bazkalostea animatua izan da, kantaldia izan dute eta.

Ekitaldi politikoa

19:00ak aldera, ekitaldi politikoa egin dute Udal Pilotalekuan bertan. Pili Garciak gidatutako ekitaldia izan da, herriko euskal presoen argazkiekin eta Jose Migel Gazteluren harrerako bideoarekin hasi dena. Joseba Sarrionandiaren Kartzelako poemak liburuko pasarte musikatu bat irakurri ostean, gogora ekarri dute 1937an Telesforo Monzonek atzerrira ihes egin zuenetik aurtengo urrian Jose Migel Gaztelu askatu zutenera arte, beti egon direla euskal preso eta iheslari bergararrak. Herriko euskal presoen senideak bihurtu dira orduan protagonistak, jendaurrera atera dira-eta harmailetan zeudenek mugikorrekin argia egin bitartean. Kalera Kalera abestu ostean, euskal preso ohi bergararrak senideei batu zaizkie, eta denei aurreskua egin diete bi dantzarik.

Hitzaldien txanda heldu da orduan. Gure Artera taldeko Aittor Aranzabalek poza agertu du egun ez dagoelako euskal preso bergararrik, baina gogora ekarri du baita ere 312 euskal presok jarraitzen dutela espetxeetan,  eta horien alde lanean jarraitu behar dela. Sorturen Gipuzkoako koordinatzaile Haimar Altunak hartu du hitza ondoren. "Erakusten ari zarete, eta erakutsi diguzue, posible dela preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko Euskal Herri aske bat eraikitzea" adierazi die bertaratu direnei, eta salatu du Euskal Herriaren askatasunerako bidea oztopatzeko  "gatibu" gisa erabiltzen dituztela  Estatu espainiarrak zein frantziarrak euskal preso, iheslari eta deportatuak.

Parisera eta Bilbora joateko deia

Bai Aranzabalek eta baita Altunak ere abenduaren 9an Parisen eta urtarrilaren 13an Bilbon euskal presoen alde egingo diren ekitaldietan parte hartzeko deia egin dute. "Pariskoari dagokionez garrantzitsua izango da milaka euskaldunek hango karrikak betetzea. Izan ere, aukerak eta baldintzak daude Parisko gobernua mugiarazteko, bertako barne justiziak presoen auzia behingoz giza eskubideen ikuspuntutik aztertzeko eta ez, orain arte bezala, ikuspuntu politiko batetik" adierazi du Altunak, eta gaineratu: "Uste dugu epe laburrean urratsak eman daitezkeela presoek pairatzen dituzten salbuespenezko egoerak bideratzen hasteko".

Gaur bertan espetxeratu duten Alfredo Remirezi eta gartzelaratu dituzten edo Bruselan dauden Kataluniako gobernuko kideei babesa adieraziz eta L'estaca eta Eusko Gudariak abestuz amaitu da ekitaldia.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak