Berrikuntza berbagai ZTB jardunaldiei ekiteko

Iker Oñate 2017ko aza. 3a, 12:17
Iazko jardunaldietan izandako hitzaldi bat.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Jardunaldien hirugarren edizioaz gozatzeko aukera izango da azaroaren 12ra bitartean. Atzo egin zuten lehen ekintza, Jakiundeko Jesus Mari Ugalderen berbaldiarekin. Era guztietako hitzorduak antolatu dituzte.

Atzo eman zieten hasiera Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Jardunaldiei (ZTB), Jakiundek egindako berbaldiarekin: berrikuntzaz jardun zuen Jesus Mari Ugaldek, Aroztegi aretoan. "Jakiunderen egoitza nagusia Bergaran dagoenez, jardunaldien irekiera hitzaldia euren esku uztea keinu polita izan zitekeela iruditu zitzaigun", azaldu du Marije Unamunok, Enplegu eta Garapen teknikariak.

Bada, Ugaldek begirada kritikoz aztertu zuen berrikuntzaren gaia. "Hausnartzeko baliabideak eskaintzea da nire helburua. Oro har, zer da berrikuntza? Edo, gizakia zutik jarri zen unean ez al zen berrikuntzarik izan? Finean, hausnarketarako bidea zabaltzen dute halako galderek", argitu du. Gaineratu duenez, bestalde, "berrikuntza ez da soilik industriari lotutako kontzeptua. Horrez gain, naturan ere bada halakorik; eboluzioan, besteak beste".

Modu horretan, azaroaren 12ra bitartean izango da egitarauko hitzorduez gozatzeko aukera; hitzaldiez aparte, mahai-inguruak, mintegiak eta bideojoko lehiaketa antolatu dituzte. Aipaturikoek, herriko gune ezberdinak –Laboratoriuma, Aroztegi aretoa, Aranzadi ikastola eta Zabala jatetxea, adibidez– izango dituzte jardun leku. Bide horretan, herritarrengana arik eta gehien hurbildu gura izan dute antolatzaileek.

Bi erakusketa

Bestalde, jardunaldietan ikusgai egongo diren bi erakusketa inauguratu zituzten atzo; egitasmoaren amaiera egunera bitartean egongo dira zabalik. Bada, Aroztegi aretoan jarri dute lehen erakusketa; zehatz esanda, herriko Arizondo argazkilari taldearen lanak –argazkilaritza zientifikoaren bueltan eginikoak– eta herritarrek eskalan eraikitako lokomotor bat biltzen ditu erakusketak. Aipatu beharrekoa da lokomotorra martxan jarriko dutela azaroaren 11n. Horrez gainera, Laboratoriumen ere bada erakusketarako txokorik. Zehatz esanda, bertan, Miguel Altuna Institutuan sortutako piezak ikusarazi gura izan dituzte antolatzaileek.

Azoka, energiaren bueltan

Bestalde, jardunaldien bultzatzaileek azoka antolatu dute biharko –zapatua–; ekintzak energiaren alorra du erdigunean. "Energiari lotutako instalazioak eta teknologia berriak gertuagotik ezagutzeko aukera eskainiko du azokak", azaldu du Rosa Errazkinek, Laboratorium museoko teknikariak. Gauzak horrela, gertuagotik ezagutu ahal izango dira zenbait sistema: eguzki energia termikoa, biomasa galdara eta ibilgailu elektrikoa, hain zuzen.

Energia garbiaren bueltan diharduten irakasleen azalpenak jasotzeko aukera izango dute bertaratutakoek. "Azken finean, ez da salerosketarako gunea izango, informaziorako lekua baizik", argitu du Errazkinek. Besteak beste, Usurbilgo lanbide eskolako teknikariek jardungo dute azalpenak ematen.

Teknologia eta emakumea

Urtero legez, egitasmoaren antolatzaileek hainbat helburu dituzte finkatuta; besteak beste, emakumeek teknologiaren bueltan duten presentzia azpimarratzea. "Gero eta emakume gutxiagok ematen omen dute izena teknologiaren alorreko ikasgaietan. Bada, horri buelta ematen saiatzeko alea jarri gura dugu", dio Errazkinek. Horren bidean, Non dago emakumea ingurune digitalean mahai-ingurua antolatu dute azaroaren 8rako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak