2018rako udal zerga eta tasen igoera orokorra KPIren araberakoa izango da. Hala onartu zuen udalbatzak asteleheneko osoko bilkuran, Udal Gobernuaren (EAJ-PSE-EE) aldeko eta EH Bilduren zein Irabaziren kontrako botoekin. "Saiatu gara zuhurtasunez jokatzen Udalaren sarrerak ez konprometitzeko, baina gobernu taldearen asmoa izan da, aldi berean, planteatu diren igoerak KPIren neurrian bakarrik igotzea", esan zuen Ogasun zinegotzi Ander Alberdik.
KPIren araberako igoera
Kontsumo Prezio Indizearen (KPI) arabera igoko dira ondasun higiezinen gaineko zerga –IBI moduan ezaguna–; ekonomia jardueren gaineko zerga; trakzio mekanikoko ibilgailuen gainekoa; hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga; eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga –hobari berriekin–; merkatua; kanposantuko zerbitzua; estolderia. Gainerako honako tasa hauek ere KPIren arabera igoko dira: erabilera anitzeko etxebizitza, babes etxea, kiroldegia eta igerilekuak, frontoiak eta udal jabari publikoa okupatzeagatik ordaintzen diren tasak, turismo bulegoko tarifak eta haur dinamizazio zerbitzua.
Hobarien artean, gobernuak bi nabarmendu ditu obren gaineko zergetan: batetik, alde zaharreko lokal komertzialetako obrek %35eko hobaria izango dute eta, bestetik, oztopo arkitektonikoak ezabatzeko obrei %75eko hobaria aplikatuko zaie. Hobari berri bat ere azpimarratu zuen alkateak: "Erdigunean hainbat komertziok jarduera oso laburra izaten dute eta ikusten genuen zerbait egin behar genuela horiei laguntzeko; bada, obren gaineko zergan hobaria dute eta baita irekierako baimenean ere".
Osoko bilkura, oso luzea eta oso beroa
Osoko bilkura oso luzea izan zen, lau ordu eta erdi iraun zuen. 2018rako ordenantza fiskalak ziren eztabaidagai nagusiak, bergararrei zuzenean eragiten dieten udal zergak eta tasak. Hala ere, gaiaren garrantzia ez da nahikoa arrazoi bilkura horren luze joateko. Agerian geratu zen, beste behin, gobernuaren eta oposizioaren arteko giroa gaiztotuta dagoela; gainera, prozedura arazoen gaineko eztabaidek ere minutu asko hartu zituzten.
Hainbat emendakin
Udal Gobernuan proposamena izen zan bozkatzen azkena. Ordenantza horien aurka bozkatu zuten EH Bilduk eta Irabazik, eta bi taldeek gobernuaren proposamenari osoko zuzenketa eta emendakin partzialak aurkeztu zituzten. Irabazik zortzi emendakin eta EH Bilduk bost. Emendakin horietatik batek ere ez zuen aurrera egin, EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu zutelako. Gobernuak salatu zuen "negoziazio prozesuan" adostasunak lortzeko borondatea erakutsi arren oposizioaren aldetik ez duela keinurik jaso eta gaineratu zuen iazko planteamendua oinarri hartuta jo zutela EH Bildurengana eta Irabazirengana.
EH Bilduk ez du uste negoziaziorik egon denik: "Ideia truke bat egon da; badakigu gehiengo osoa dutela, baina gure ustez bidean jaso diren ekarpenekin bazegoen proposamen hobe bat onartzeko aukera eta hori zen gure osoko zuzenketaren helburua. Hala ere, argi geratu da emendakin hori irakurri ere ez dutela egin", deritzo Agurne Barrusok.
Irabaziko Aiert Lizarraldek uste du "aukera historikoa" zegoela "beste behin" akordio batera iristeko: "Ez dakit zer gertatzen den baina oraingoan ere ez da posible izan. Ez zaigu batere gustatzen gobernu honek eztabaidak kudeatzeko duen modua. Beti azken orduan ibiltzen gara negoziazio moduko bilera horietan".
Goiena telebistan, osorik
Osoko bilkura osorik ikusteko aukera egongo da Goiena telebistan aste bukaeran zehar: egubakoitzean –23:30ean–, zapatuan –15:30ean eta 21:30ean– eta domekan –17:30ean–.