Ekitaldi hunkigarria izango da, duda barik.
Bai. Halako aitortzak beti dira politak, eta, jasandako sufrimenduari egindako aitortza bada, askoz politagoa. Gainera, enpresaburuekin, lagunekin, egoteko aukera izango dut. Ez dakit, zehatz-mehatz, zeintzuk egongo diren Euskaldunan.
Omenaldia jasoko duzuenok parte-hartzerik izango duzue?
Badakit berbaldi batzuk egongo direla. Batzuek hitza hartuko dute, baina ezin dut gehiago zehaztu.
Gaur, sei urte bete dira ETAk su-etena iragarri zuela, eta egun berean omenaldia. Beranduegi?
Ez dut uste. Gauza eta egoera guztiek behar dute egonkortzeko eta sendotzeko denbora. Orain erabaki dute, eta nik,behintzat, eskertzen dut.Izan ere, terrorismoaren jazarpena eta mehatxua sufritu dugunon gauzarik zailena bakardadea izan da. Isilean sufritu dugu. Gutxi batzuei kontatuta. Ahalik eta sufrimendu eta kalte txikien eragite aldera. Orain iritsi da garaia: jakin dezatela guztiek zer izan zen orduko hura eta nola sufritu genuen. Nortzuk egon ginen egoera hartan.
90eko hamarkadan jaso zenuen lehen gutuna etxean. Atzera begiratuta, zer datorkizu burura?
Gauza asko. Etxeko egunerokotasuna goitik behera aldatu zitzaigun. Ezinegona, beldurra, bakardadea... Guk erabaki genuen etxe barruan aztertzea mehatxuen gaia. Eskatzen zigutena ez ordaintzea erabaki genuen. Jakitun ginen erabaki hark zein ondorio izango zituen, baina aurrera egin behar genuela erabaki genuen. Aztertu, erabaki eta ekin.
Mehatxuak eta heriotzak ere bai.
Zalantza barik. Nire egoera baino askoz okerragoa bizi
izan zutenak egon ziren. Bereziki, hil egin zituztenak. Joxe Mari Kortaren eta Iñaxio Uriaren erailketak oso
gertutik bizi izan nituen, eta muturreko egoera izatera heldu ziren.
Egoera asko aldatu da.
Bai, horixe. Atzera begira ipintzea kostatu egiten da, baina egoera guztiz aldatu da. Egun bizi dugun lasaitasunak ez dauka preziorik. Lasai bizi, lasai lan egin... Eta, lasaitasun horrek ematen duen ikuspuntutik, asko eskertzen dira omenaldiak, aitortzak eta oroimen eguna