"Obrak atzeratzen joan dira, lanak hiru hilabetez geldi egon ziren lurrak arazoak zituelako. Geldialdi horrekin 2017ko abendua jarri ziguten data moduan eta gutxira esan ziguten 2018ko martxorako amaituko zirela. Azken data, baina, maiatzaren 20a da". Halaxe azaldu ditu Miguel Altuna Institutuko zuzendari Josune Irabazalek eraikin berriko obren gorabeherak.
Aurreikuspena, hurrengo ikasturtea bertan hastea
Lanak 2018ko maiatzaren 20rako amaituko balira, Irabazalek espero du 2018-2019 ikasturtea egoitza berrian abiatzea: "Ez bada gehiago atzeratzen mugan egongo ginateke. Bigarren mailako ikasleak 2018ko martxoan praktikak egitera joaten direnean egoitza zaharra berrantolatu eta gauza batzuk husten joan gura dugu; ea enpresa eraikitzaileak baimena ematen digun bi eraikinetako batera behintzat sartzeko. Hori posible izango da, maiatzaren 20ko data ez bada atzeratzen".
Bi eraikin, 9.719 metro koadro
Egoitza berriak, bi eraikinetan banatuta, 9.719 metro koadro izango ditu, egungo eraikinaren ia bikoitza. Aurrealdeko eraikinak 3.329 metro koadro ditu: erdisotoan, 200 pertsonarendako lekua izango duen aretoa eta jantokia –ikasleentzat zein irakasleentzat– izango dira; 0 solairuan, zerbitzu orokorrak, irakasleen gela eta bilera gelak joango dira; eta lehen solairua, azkenik, administraritza alorreko heziketa zikloetarako baliatuko dute.
Atzealdeko eraikinak, aldiz, 6.335 metro koadro izango ditu, bi zatitan banatuta: teknikoa eta tailerrak. Alde teknikoa gelaz betetako lau pisutan banatzen da. Horiek berariazko ekipamendu teknikoz hornituak eta erronketan oinarritutako metodologia garatzeko prestatuta egongo dira. Era berean, azaldu dutenez, Industria 4.0 sisteman oinarritutako teknologia eskainiko duen gela berezia ere bertan joango da; gela horretan diziplinarteko erabilpenerako ekintzak sustatu nahi dira eta ziklo ezberdinetako ikasleek erabiltzeko modukoa izango da. Hala, diotenez, industrian erabiltzen diren antolakuntza ereduak txertatu ahal izango dira ikastetxean.
Bestalde, tailerrei erreparatuz, ziklo ezberdinetako tailer guztiak zona komun zabal baten kokatuko dira; 2.062 metro koadroko espazioan horma bakar bat egongo da. Eta Miguel Altuna berria erdigunetik urrunduko den arren, enpresa, elkarte, ikasle, langile, erakunde, ekintzaile eta, oro har, gizarteari ateak zabalik dituen erakundea izaten jarraituko duela azpimarratu dute: "Gure bezeroekiko gertutasuna zaintzen jarraituko dugu".
Zubia eta "zubi-lana" mantendu
Atzo, Agur Elementala, kaixo Miguel Altuna kanpaina aurkeztu zuten, Elemental zaharretik "aukeraz betetako" prozesu batera salto egiteko. Gogorarazi zuten 2018an 90 urte egingo dituela Miguel Altunak: "Kanpaina hau etorkizuna eta iragana lotzeko zubia izango da". Hain justu, Zure zubia aukeratu dute etorkizunerako lelo: "Lagatzen dugun Elemental zaharraren ikurra izan da, eraikin berrian ere mantenduko duguna, gure zubia. Ikasleentzat ibilbide profesionaletarako zubia, DBHtik eta batxilergotik lan mundurako zubia, langileentzat etengabeko formaziorako zubia, ekintzaileentzat enpresa berriak sortzeko zubia...". Horrez gain, irudi korporatibo berria ere aurkeztu dute: "Irudi indartsua eta gogoangarria; koloreari dagokionez, bergararron mahoi urdina darama, gure erroen adierazgarri".
Izena aldatu arren, izaerari eutsi
2018an 90 urte beteko ditu Miguel Altuna Institutuak. 1928an sortu zen Lanbide eta Ehungintza Eskola eta 1936ra bitartean, gerra aurreko garaian, Bergaran finkatzen joan zen. 1936tik 1944ra etenaldia egon zen eta 1944ko urriaren 16an Lanbide Eskolak ateak ireki zituen berriro ere. Hurrengo data aipagarria 1955ekoa da, aldaketaz jositako garaiaren hasiera: Bergarako Industria Maisutza Eskola.
15 urte geroago, 1970ean, Lanbide Heziketako Ikastetxe Nazionala izatera pasatu zen. 1990ean, berriz, Miguel Altuna Lanbide Heziketako Institutua deitzera pasatu zen eta zortzi urte geroago Goi Mailako Berariazko Lanbide Heziketako Miguel Altuna Institutua izena hartu zuen. Amaitzeko, 2015a ezkero Lanbide Heziketako Miguel Altuna Ikastetxe Integratua izan da; eraikin berria "aukera iturri bihurtzea" gura dute.