Bergarako Udalak urteak daramatza Errege Mintegiaren ondarea zaintzen, antolatzen eta berreskuratzen eta Laboratorium Museoaren bitartez, ikuspegi zientifiko, eta dibulgatiboarekin lotura duten hainbat erakusketa eskaini nahi ditu. Horietako lehena biodibertsitatearen inguruko erakusketa da.
Gai hau hobeto jorratzeko, Errege Mintegiaren bildumari Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako lagapenak batu dituzte; honela, erakusketa sortuz. Aipatu, erakusketa publiko orokorrera bideratuta dagoela.
Hamaika ekintza
Biodibertsitatearen gaineko erakusketa honetan espezie oso bereziak ikusteko aukera izango da. Baina, horrez gainera, gaiarekin lotura duten beste hainbat eta hainbat ekintza eskainiko dira. Batetik, tailerrak: larunbat honetan bertan Aranzadi Zientzia Elkartekoekin batera familiei bideratutako tailerra eskainiko da; baita, marrazketa botanikoaren ingurukoa ere. Hura, Bartzelonako Carles Puige artistaren eskutik etorriko da.
Bestetik, Zetazeo eta itsas hegaztiak ikusteko irteera ere antolatu da. Erakusketa erakutsiko duen ipuin kontalari bat ere izango da eta, horrez gainera, bisita gidatuak ere eskainiko dira. Bi motatakoak izango dira horiek: aholkularitza zientifikoak egin duen aditu batek gaztelaniaz; eta, bestetik, Laboratorium Museoaren arduradun den Iñaki Irizarrek euskaraz.
Erakusketa honen asmoa ekintza didaktikoa bilakatzea ere bada. Hau honela, datorren urtera begira, ikasleei ere eskaintzeko asmoa dago.