Egurra, errepideetako hesiak, plastikoa, hobiak, aminato zati bat... Horiek guztiak eta gehiago batu dituzte gaur goizean Erreka Egunaren harira Bergaran egindako erreka garbiketan. 2013an egin zuten lehenengoz garbiketa herri ekimenez, eta aurten ere, goizean fresko egin arren, 200 herritar inguruk hartu dute parte. "Norbanakoak etorri dira, baina ere ikastetxeetako taldeak, Auzokokoak, Gazte Asanbladakoak, Beti Bustikoak, Helduen Eskolakoak...", azaldu du Erreka Garbiketarako Batzordeko kide Ariane Kareagak.
Erreka garbiago aurten
08:30 aldera batu dira herritarrak garbiketari hasiera emateko, eta gero, taldetan banatuta, Deba ibaiak Bergaran egiten duen ibilbidean zehar ibili dira lanean. Eta oraindik ere ibaiaren zati batzuetan zikinkeria pilatzen den arren, erreka bazterrak aurreko urteetan baino garbiago zeudela aipatu dute parte-hartzaileek, baita Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Lander Arregik: "Talde denek gauza bera esan dute. Igartzen da aurreko urteetan lan egin dela, eta baita jendea kontzientziatuago dagoela ere". Horren seinale da ibaian animalia gehiago dagoela, garbiketa lanetan ibili den Jose Mari Anduagak azaldu moduan: "Arrain gehiago ikusi dugu, karramarroak ere bai...".
Behin errekan batutakoak Errege Seminarioan eta Labegareitan jarritako edukiontzietan pilatu ostean, mokadutxoa egiteko aukera ere izan dute erreka garbitzen ibili direnek.