Bergarako Udalak "zilegitasun osoa" aitortzen dio Kataluniako erreferendumari

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko ira. 26a, 10:58

Kataluniaren aldeko mozioaren bozketa: EAJ, EH Bildu eta Irabazi alde (16) eta PSE-EE kontra (1).

Gure Esku Dagok eta EH Bilduk aurkeztutako mozioen bitartez, urriaren 1eko erreferenduma presente izan zen atzo Bergarako udalbatzan; PSE-EEk aurka bozkatu zuen erreferenduma legez kanpokoa dela iritzita, baina EAJk, EH Bilduk eta Irabazik bat egin zuten Kataluniako prozesuarekin; konpromisoen artean dago, esaterako, domekara bitartean estelada bat jartzea San Martin plazako ikurrina handiarekin batera.

Kataluniako erreferendumaz gain, galderen eta eskaeren tartean Bergaran martxan diren bi etxe kaleratzeren inguruan Irabazik gobernuaren partetik informaziorik jaso ez izanak eragin zuen eztabaida gehien iraileko ohiko osoko bilkuran. Irabazik eta EH Bilduk irmoki salatu zuten Udal Gobernuak kaleratze horien gaineko informaziorik ez ematea eta gai horren inguruan luze eta zabal eztabaidatu zuten; gobernuak gaur egingo den batzordean emango dio informazioa oposizioari.

Boluko frontoiaren estalkia ere berbagai

Bergararrei zuzenean eragingo dieten gaiei dagokienez, Boluko frontoiaren estalkia ere izan zen berbagai osoko bilkuran. Zapatuan egindako kontsultan auzotarrek pilotalekua estaltzea erabaki ostean, proiektua idatzi egin beharko da. "Batzuk usteko dute proiektu guztia eginda dagoela, baina ez da horrela. Hiru alternatiba oso ezberdinekin joan ginen auzotarrengana eta eurek bat aukeratu zuten argi eta garbi eta hori da gauzatuko duguna", dio Elena Lete alkateak.

Oposizioak, berriz, prozesua kritikatu zuen berriro ere; EH Bilduko Agurne Barrusoren arabera, beste era batera egin behar ziren gauzak: "Prozesua beste era batera eramango balitz gaur egungo iritzi zabalagoa eta eraikitzaileagoa izango genuke. Hala ere, kontsulta egin da eta emaitzarekin bat egiten dugu; beraz, aurrera proiektuarekin".

Irabaziko Aiert Lizarraldek diagnosi bat eskatu zuen beste behin ere: "Ziur gaude Boluan frontoia estaltzearena baino babes handiagoa izango luketen proiektuak badaudela; diagnosi hori egin barik galdera ikurrarekin geratu gara".

Goiauzorako bide publikoa

Bestalde, gobernuak "lorpentzat" dauka Goiauzorako bide publikoa hobetzeko –obrak martxan daude dagoeneko– Santa Marina elizarekin egindako lursailaren doaneko eskualdaketa. "Jon Molina parrokoak erraztasun guztiak eman dizkigu lanekin udan hasteko, diru-laguntza bat zegoen-eta tartean. Lorpena da, auzotarrek aspalditik eskatzen zuten-eta", esan du alkateak.

Bideoakta, lehenengoz

Atzoko osoko bilkurako nobedadea izan zen Bergarako Udalak lehen aldiz jaso zuela bilkura bideoakta bidez, Goiena Komunikazio Taldearen zerbitzua kontratatu ostean. Abendura bitartean probaldian egongo da sistema eta bergararrek Udalaren webgunean kontsultatu ahalko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak