Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa Bergaran bildu da protokoloaz hausnartzeko

Maite Txintxurreta 2017ko ira. 23a, 14:44

Euskal Herri mailako bilera irekia egin dute goiz osoan zehar kartzela zaharrean. Bertan, plataformak ikasturte berrira begira dituen asmoak errepasatu dituzte, eta, horrez gain, datorren urtean Bilbon egingo duten nazioarteko topaketa aurkeztu eta eraso matxisten aurrean aplikatu beharreko protokolo berritua aurkeztu eta eztabaidatu dute.

Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritako talde feministetako kideak zen norbanakoak izan dira gaur goizean Bergarako gaztetxean Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako Plataformak antolatutako topaketan.

Goiz osoko jardunaldia izan da, eta, aurkezpen eta ongi etorrietarako tartearen ostean, Plataformako bozeramaleek 2018ko Emakumeen Mundu Martxa eta honen baitan Bilbon egingo duten nazioarteko hitzordua aurkeztu dute.

Hamaiketakoa egin ostean, ikasturte berrira begira indarkeria sexista gaitzesteko protokoloaren berritasunak aurkezteari ekin diote bozeramaleek. Izan ere, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako plataformak badu hilketa matxistak izaten direnean eman beharreko erantzuna zehazten duen protokolo bat. Hala ere, protokolo hori "dokumentu amaigabea eta dinamikoa" da, eta, horregatik, berau birpentsatu eta zenbait ekarpen egin dizkiote, berau "egokia eta bateratua" izan dadin, Bergarako Martxanteretako Luciana Alfaroren berbetan. Bada, gaurko bileran berritasun horiek ezagutarazi eta komentatu dituzte bertaratutakoek.

Hain zuzen, azkenengoz asteon aktibatu dute protokolo hori, joan den astean Uztaritzen (Lapurdi) izandako hilketa sexista gaitzesteko. Hala, esaterako, Bergarako San Martin Plazan elkarretaratzea egin zuten salaketa modura.

Bada, gaur aurkeztutako berritasunen artean, plataformak proposatu du hilketa matxista bat izaten denean, elkarretaratzeak egiteaz gain, eraildakoen izena herrietako gune publikoetan jartzea, berau ezagutaraziaz eta memoria indibiduala landuaz. Hala, muralak margotzea edota informazio orriak banatzea proposatu dute, dolu kolektiboa eta salaketa mezua ahalik eta jende gehienarengana hel dadin.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak