Lehendabizikoan bezala, atzokoan ere Kartzela Zaharreko atzeko patioan egin zituzten atzo Egubakoitzak Kartzelan-eko emanaldiak, eguraldia lagun izan zela aprobetxatuaz. Jende dezente gerturatu zen gaztetxera, eta adin tarte desberdinetakoak, Alayn Carazok azaldu duenez.
Hitzorduko lehen emanaldia Txabela Bragas ondarrutarrena izan zen: Palabras ke haze unos años una loka inskribio en la pared del manikomio. Haiek plazaratutako antzezlanak ez zituen epel laga ikusleak, eta txaloak, barreak zein hausnarketak eragin zituzten bertaratutakoen artean.
Euren ostean, Kokein taldearen txanda izan zen. Rock talde beteranoak gitarra eta baxu elektrikoak eta bateria alde batera laga eta kontzertu akustikoa eskaini zuten. Euren kantak jotzeaz gain, bertsioekin ere animatu ziren, eta giro lasaia baina animatua sortu zuten.
Hurrengo emanaldiak
Irailaren 29an, datorren egubakoitzean, kontzertu bikoitza izango da kartzela zaharrean. Erraiak taldea eta Olatz Salvador bakarlaria izango dira agertoki txikira igoko diren artistak.
Bukatzeko, urriaren 6an, Jon Basaguren eta Jon Gurrutxaga eta Keu Agirretxea ikusteko aukera izango da gaztetxean.