Dagoeneko sei edizio daramatza Egubakoitzak Kartzelan kultur ekimenak, eta gaurko (22:00, Bergarako gaztetxea, 3 euro) musika eta antzerkia bateratu gura izan dituzte antolatzaileek. Kontzertu lasaiak Bergarako Gaztetxeko kanpo eszenatokian, iragartzen du antolatzaileek irail honetarako zabaldu dituzten kartelak, baina Kokein taldearekin ez dago garbi hori beteko denik, nahiz eta formatu akustikoan izan: "Ez pentsa, Motorhead taldearen bertsioak ere jotzen ditugu akustikoan, eta emanaldiak aurrera egin ahala jendea animatu egiten da", dio barrez Zaloa Urainek.
Distortsio barik, baina indarrez
Akustikoan izan da ere, taldeko abeslariak ez du horren garbi eztarria urratuko ez duenik: "Emanaldi bereziak dira, hiru lagun igotzen gara taula gainera, eta gure abestiak gustuko ditugun beste abesti batzuen bertsioekin tartekatzen ditugu. Uste dut jendearendako oso formatu gustagarria dela, hori da guri iristen zaiguna, behintzat, orain arte oso harrera ona izan dugulako. Eta horrekin batera, guk oso gustura egiten ditugun kontzertuak dira hauek".
Halako emanaldietan sortzen den giro intimoan Urainek aitortzen du taldea biluztu egiten dela: "Taldea, edo abestiak eurak geratzen dira biluzik, gitarren distortsioak alboratu egiten ditugu, estalki hori kendu egiten dugu, eta gordinago geratzen da dena. Eta, momentuaren eta lekuaren arabera ohi baino emanaldi lasaiagoak izaten dira, baina ez beti".
Txabela Bragasen emanaldia
Kokeinekin batera, Txabela Bragas antzerki talde bizkaitarraren emanaldiak osatuko du gaua; duela urte batzuk zoro batek zoroetxeko horman idatzi zituen hitzak ezagutaraziko dituzte emanaldian.
Txapa Irratiko ateak zabalik
Hain zuzen, Egubakoitzak Kartzelan emanaldiak zuzenean eskaini izan dituen Txapa Irratiak dei egin du, gaur, ikasturte hasierako ekitaldian parte hartzeko (19:00, Gaztetxean). Irrati libreko ateak irekita daude, eta proiektuan parte hartzera gonbidatuta daude zerbait esateko duten herritarrak.