Udal Gobernuaren kudeaketa erabat "atzerakoia" dela dio Bergarako Irabazik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko ira. 15a, 09:31

Boluko pilotalekuaren lau erabiltzaile, artxiboko argazki baten.

Irailaren 23an Boluko frontoia estaltzeko proiektuaren harira egingo den galdeketa dela-eta, Bergarako Irabazik salatu du prozesu horretako Udal Gobernuaren kudeaketa "atzerakoia" izan dela: "Herrigintza egiteko era on batek, herriko beharrak herritar guztien artean komunean jartzeko helburua izan behar du".

Jarraian, Bergarako Irabaziren oharra osorik:

"Irabazi Bergarak ez du ontzat jotzen Bergarako Udal Gobernuak Boluko frontoiko estalkiaren inguruan egin duen kudeaketa. Egia da EAJk hauteskundeak irabazi zituela eta egia da ere PSE-EErekin egindako gobernu akordioak gehiengoa ematen diola udalean. Hala ere, gure ustez, 11.844 bototatik bakarrik %26 izateak, ez du esan nahi legealdi osoan zehar nahi duzuna egiteko baimena ematen dizunik, eta hori da hain justu, bi alderdi hauei, saiatu direna erakusten frontoia estalki gabe nahi duten Boluko bizilagunak.

Udal Gobernuak frontoiaren inguruan zalaparta piztuta, gauzak baretze aldera, hiru bilera egin zituen Boluko bizilagunekin. Bertara azaldu ziren gehienak frontoia estaltzearen aurkakoak izan ziren. Bilera hauek akordio bat ekarri ordez Boluko bizilagunak gehiago haserretu zituen. Honela, presiopean, erreferendumera iritsi gara eta orain, Boluko bizilagun guztiei tokatzen zaie erabakitzea zer nahi duten egin frontoiarekin. Estaldu edo ez.

Irabazi Bergararen ustez, Udal gobernuak herrigintza kudeatzeko duen modu hau, atzerakoia da. Aurreko mendetakoa. Gure ustez, herrigintza egiteko era on batek, herriko beharrak herritar guztien artean komunean jartzeko helburua izan behar du. Beti bizi baldintza okerrenak dituztenei elkartasuna erakutsiz. Ala ere, eskumako alderdiek, behin eta berriz,  makro proiektutan oinarrituriko programak saltzen dizkigute herri kohesioa hautsiz. Eta hori da hain justu Bolun gertatu dena.

Eskumako alderdiek  historikoki izan diote herrigintzari beldurra. Honek, erabakitzeko duten ahalmena kentzen bai diote. Enpresa eraikitzaile, finantzari, enpresari, azken finean alderdikideen artean diru publikoa pribatu bihurtzeko aukera kentzen diote. Irabazitik, hau aldatzen hasteko ordua dela uste dugu. Politikariak herriaren esanetara egon behar dira eta ez interes pribatuen esanetara. Gizakiaren eta ingurumenaren arteko oreka oinarri hartuta, belaunaldi berriei, mundu justu  bat ustea izan behar da gure helburua, eta horretarako herrigintza ezinbesteko tresna bat izango da etorkizunean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak