Esandako moduan, bost ikaslek Lazpiur enpresan egingo dute lan ikasturte honetan. Horietako lau produkzio postuetan arituko dira eta bestea administrazio postu baten. Dual formakuntzan parte hartzen duten ikasleek soldata jasotzen dute, gizarte segurantzan kotizatuz.
Onuragarria bi aldeendako
Lehen aldia da Bergarako Lazpiur enpresak Dual formakuntza sisteman parte hartzen duena. Diotenez, "apustu oso garrantzitsua" da eurendako: "Ikusi dugu ikasleendako oso aberasgarria dela eta askorendako lehen urratsa lan munduan integra daitezen. Enpresaren ikuspegitik, guk bihurtzen ditugu ikasleak langile. Ikasten duten guztia gurekin jar dezakete praktikan. Enpresak irabazten duena da langileak barneratu ahal izatea gure lan filosofia eta moduetan. Gure enpresa ezagutu dezatela, ikus dezatela eurekin batera egin dezakegun guztia".
Miguel Altunarendako ere "urrats garrantzitsua" da euren ikasleek ikasketak eta lana uztartu ahal izatea "enpresa erreferente" baten: "Ezagutza aberastuko dute eta benetako testuinguru baten esperientzia hartuko dute".
Bisita berezia asteon
Bestalde, Miguel Altuna Insitutuak VETriangle izeneko proiektu baten hartzen du parte eta asteon Bergarako ikastetxeak proiektu gainerako kideen bisita jasok dute. Hala, Turkiako, Alemaniako, Lituaniako eta Poloniako bazkideek aukera izango dute Miguel Altuna Institutuko Lanbide Heziketako ikasleen bilakaera bertatik bertara ikusteko. Gainera, Lazpiur enpresara egingo dute bisita, bihar.