Munibe plaza "gune aske" bihurtuko da aurten ere

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko ira. 7a, 16:10

Iaz lehen aldiz egokitu zen txosnagunea Munibe plazan.

Xaxau jai herrikoien konpartsak egitarau potoloa antolatu du San Martin jaiei begira. Herriko beste eragile batzuekin elkartu eta "ahalik eta egitaraurik anitzena eta osatuena" antolatzen saiatu dira; ekitaldi potoloen artean, irailaren 9ko bazkaria; txartelak Ganbaran eta Arranon daude salgai, zazpi eurotan.

Iaz lehen aldiz jarri zuten txosnagunea Muniben eta ondo funtzionatu zuen. "Lau egun jarraian izan ziren iaz, eta jende mordoa ibili zen. Aurten ere halako zerbait espero dugu", adierazi du Xaxauko Maddi Aspiazuk. Aurten, hilaren 9an, 15ean eta 16an egongo da zabalik Munibeko "gune askea", baina Kartzela zaharrak ere hartuko ditu egitarau herrikoiko zenbait ekintza; Egubakoitzak Kartzelan bihar eta Adarretatik zintzilik antzezlana hilaren 14an, kasu.

"Ahalik eta egitaraurik anitzena"

Herriko beste eragile batzuekin elkartu eta "ahalik eta egitaraurik anitzena eta osatuena" antolatzen saiatu dira aurten ere Xaxaukoak: "Herriko jai nagusiak amaitu eta gutxira hasi ginen elkartzen eta oporren ostean berriro heldu diogu. Herrian leku bat egin dugu, uste dugu gero eta jende gehiago identifikatzen dela Xaxauren proiektuarekin. Beste mota bateko jaiak posible dira herrian, denon arteko elkarlanetik gauza interesgarriak irteten dira". Udalaren "laguntza logistikoa" izan arren, egitarauaren "antolakuntza guztiaz" Xaxau konpartsa arduratu da.

Ekintzen artean, zapatuko feriatik eskuratutako produktuekin egingo den herri bazkaria nabarmendu du Aspiazuk; Muniben bazkaltzeko txartelak Ganbaran eta Arranon erosi ahalko dira zazpi eurotan, baina zapatuan bertan ere egongo da aukera izena emateko. Hori bai, plazak mugatuak dira. Bazkaldu ostean bingoa eta Big Time DJa izango dira eta gauean Pelax eta Telmo Trenor-en eta Kuartz-en kontzertuak (22:00) eta bikote jolasa (02:00) izango dira.

Hilaren 15ean, berriz, txosnak 19:00etan irekiko dituzte eta 01:00etan sasi DJ-en txapelketa hasiko da. Amaitzeko, hilaren 16an, Oki Moki, Tacumah eta Los Perros de Pavlov taldeen kontzertuak izango dira (22:30).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak